Patxo Telleriak idatzitako "
Euskarazetamol" antzezlana ostegun honetan, azaroak 19, ikusi ahal izango da Erandion. Emanaldia 20:00etan izango da, Altzagako azoka zaharrean.
Ez dok hiru Bikoteatroa konpainiaren "Dibertimenduak" izeneko trilogiaren azken alea da "Euskarazetamol". "Euskara sencilloaren manifestua" eta "Larru haizetara" antzezlanak izan ziren obra bilduma horretako lehenengo biak. Telleria Mikel Martinezekin batera igoko da agertokira. "Aurreko bi ikuskizunak publikoaren gustukoak izan direnez (honek ez du publikoaren gustua toki onean ipintzen, baina tira, zer egingo diogu) beldur ginen azkenengo honekin ikusleen itxaropenak beteko ez ote genituen, badakizue publikoa ze milika den kalitatearen kontu horrekin. Bi aukera genituen: gure talentuaz fidatzea ala dopatzeaz baliatzea. Azkenean zentzu ona gailendu zen, eta pilulak aukeratu genituen. Baina ez kezkatu, kontrolatzen dugu. Guk, hau, nahi dugunean uzten dugu", dio bikoteak. "Euskarazetamol" antzezlana Jokin Oregik zuzenduko du. Musika, aldiz, Bingen Mendizalek egin du. Argazkian, Patxo Telleria eta Mikel Martinezek "Euskarazetamol" antzezten / © Ez dok hiru Bikoteatroa.