Egun 350 langile baino gehiago dituen Vidrieria y Cristaleria de Lamiako S.A. (Vicrila) enpresak 2013 bukaeran itxiko ditu ateak,
ELA eta
LAB sindikatuetako Vicrilako ordezkaritzek Interneten zabaldu dutenez. Atzo bertan, Leioaraino hurbildu zen Oliver B. Hasler Arc International multinazionalaren Europako zuzendaria, erabakiaren berri emateko, lantokiko arduradunei zein enpresa batzordeari. Gauzak horrela, beira lantzeko bi labeen balio-bizitza agortu artean -kasu batean hemendik 14 hilabetera eta bestean 2013 bukaeran- diru gehiagorik ez du inbertituko, Lamiakon, enpresa frantziarrak. Haslerren arabera, "merkatuaren beharrei egokitzeko" hartu dute Vicrila ixteko erabaki "mingarria". "Fabrikazio koste txikiagoak dituzten herrialdeetatik datozen produktuen aurrean lehiakortasuna mantentzeko, produkzio gaitasuna egokitu beharko dugu. Gainera, 2008ko bigarren seihilekotik hona areagotu egin da salmenten jaitsiera, krisi mundialaren ondorioz", azaldu du Arc International-eko arduradunak. Multinazional frantziarraren arazoak tarteko ezarri zieten
enplegua erregulatzeko dosierra Vicrilako langileei, maiatzaren 1ean. Abenduaren 31ra arte luzatuko da hori. Argazkian, Vicrilako langileek aspaldi egindako manifestazioa / © LAB Vicrila.