Asteburu bete bertso ibiliko da Jone Uria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko aza. 19a, 20:01

Gehienek dakitenez, etzi, larunbata, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoen bigarren bueltan arituko da Jone Uria. Arratsaldeko 5:30ean izango du hitzordua, Gernikako Jai Alai pilotalekuan, 2.000 bat lagunen aurrean. Berarekin, Miren Amuriza, Igor Elortza, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi eta Jon Martin izango dira. Dagoeneko, Interneten eskuragai zeuden sarrerak agortu dira eta larunbat arratsaldean bertan, gelditzen diren apurrak salgai egongo dira pilotalekuko sarreran, ohiko prezioetan. Joaterik ez duenak Info7.com edo Koska irratiaren bidez entzun ahal izango du, zuzenean. Baina, bitartean, algortarrak txapelketa batekin nahiko ez eta beste batean abestuko du gaur iluntzean. Izan ere, gaur jokatuko da Gasteizko Errexala elkartean Bertxoko gazte "sariQeta"-ren hirugarren bertso-afari-kanporaketa eta bertan abestuko du Jone Uriak, Julio Soto, Iker Agirre, Ekaitz Samaniego, Enaitz Alustiza eta Aitor Urbietarekin. Saio horretako bi onenek aurretik sailkatutako honako lau bertsolariak lagunduko dituzte Aramaioko finalean, abenduaren 4an: Iñaki Viñaspre, Mikel Artola, Ander Solozabal eta Jokin Labaien, iaz txapelduna izan zena.

Bertxoko gazte "sariQeta" Hala Bedi irratiaren "Bertxoko" irratsaioak eta Arabako Bertsozale Elkarteak antolatutako sari "ganberroa" da. Jakina, Hala Bedik sariketako eta txapelketa nagusiko bertsorik onenak komentatzen ditu "Bertxoko" irratsaioan, eta Uriaren bi saioak hizpide izango dute, Tolosako finalaurrekoarekin batera, hilaren 25ean emitituko duten programan. Saio hori, azaroaren 27an, 18:00etan, emitituko du Koska irratiak, ostiralero egin bezala.

Dagoeneko Bertxokoren aurreko kanporaketetako bideo bana kaleratu dute antolatzaile arabarrek. Hona hemen Zalduondokoa:


Hau, berriz, Abornikanon grabatutakoa da:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun