Zehazki, Quebec-eko Raynald Ouellet, Italiako Riccardo Tesi eta Okzitaniako Joan Frances Tisner eta Marc Castanet izango dira Andres Isasi musika eskolan. Euskal Herritik, berriz, Iñaki Garmendi “Laja” soinujoleak Poxpi saxo jolearen laguntza izango du. Bestalde, Asier Ercilla, Endika "Lahaine" (121krew) eta Dav/bid Nanclares-ek osatzen duten Bunpada Sound hirukotearen bitartez, trikitixa eta panderoak erritmo kaxa eta rap-a izango dituzte lagun. Azkenik, "Esne zopak" izeneko Esne beltza taldearen proiektu berezia egongo da entzungai , Xabi Solano, Jon Mari Beasain eta DJ Zigorren eskutik. Trikitixa du oinarri eta abesti berriak molde zaharrean jorratu nahi dituzte trikitilari mitikoen (Epelde, Iturbide, Laja, Landakanda, Epelarre, etabar) istorioetan oinarritutako hitzekin. Guzti hori DJ baten puntu berezi batekin nahasturik.
Ekitaldi anitz
Euskal Kulturaren XI. Jardunaldien gainontzeko ekitaldien artean, besteak beste, larunbat honetan, hilak 21, "Merkatua bertsotan" ekitaldia eskainiko dute Sebastian Lizaso eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariek, Algortako Bertsolari Eskolaren (ALBE) eskutik, "Euskara ahora" izeneko kanpainaren barruan. Saioa 12:00etan izango da, Algortako Torrene kaleko azokan.
Hilaren 25ean, 19:30etik aurrera, “Getxo akordaten naz” dokumentala proiektatuko da, azpitituluekin, Algortako Aldai patronatuan, Karitate kaleko 1. zenbakian. Egunari txapela jartzeko lunch goxo-goxoa ere antolatu dute "UK" aldizkarikoek. Gainera, abenduaren 2ra arte, “Erretratuak” erakusketa egongo da ikusgai Aldain, Bertan, azken urteetan UK-ko atal horretan agertu diren getxoztar ezagun eta esanguratsu batzuen argazki eta adierazpenak ikusi ahal izango dira.
Hilaren 26an, berriz, Unai Elorriaga idazle algortarrak “Londres kartoizkoa da” eleberria aurkeztuko du, 20.00etan, Algortako kultur etxean, Villamonten, Egizu Getxo Euskaldun! elkartearen Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoaren eskutik.
Larunbat horretan, hilak 28, Kerobia taldeak "Papera eta kartoia" disko berria aurkeztuko du Areetako Andres Isasi Musika Eskolan. Kontzertua 22:00etatik aurrera izango da, 8 euroren truke, Topaguneak antolatuta.
“Bestela ondo…ezta?” helduentzako umorezko antzerkia Jon Urrazaren eskutik eta haurrentzat “Ino, Ino, Ino…badator Bonbardino” antzezlan musikala ere izango dira. Azken hori, azaroaren 29an, Areetako Andres Isasi Musika eskolak, Bizarra Lepoan euskara elkarteak antolatuta.
Eta urtero bezala, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, Getxo udalerriko euskaltegietako ikasleek aldez aurretik landu eta ikasitako abestiak trikitiaz lagunduta kantatzeko aukera izango dute Algortako The Piper´s taberna irlandarrean. Hori goizeko 10:00etan eta 17:30ean izango da.
Bitartean, jardunaldien barruan Bizarra Lepoan eta Egizu Getxo Euskaldun! euskara elkarteek antolatutako SMS eta e-mail lehiaketan guztira 94 lagunek hartu dute parte, udal iturrien arabera. Sariak larunbatean banatuko dituzte Areetako Andres Isasi Musika Eskolan, Izarren Distira galan. Bestalde, talentu lehiaketa horren castinga urtarrilaren 1ean, 21:00etan, emango dute, ETB1eko “Bi errepidean saioan.