Etxerat elkarteak zabaldutako prentsa oharra:
Etxerat Elkarteak gogor salatu nahi du azken asteetan Espainiar Estatuko hainbat espetxetan gertatzen ari dena. Euskal preso politikoak bizi baldintza gogorrenetara bizitzera behartzen dituzte. Estrategia horren baitako azken katebegia, senide eta lagunen kontrako eraso bat da. Aurrez aurrekoetan sartu baino lehen, arakatu, ukitu eta umiliatu nahi dituzte.
Euskal jendarteak jakin behar du, funtzionarioek eta espetxeek bitarteak dituztela hori egiteko eskuekin gu ukitu gabe eta gure buruak umiliatzen saiatu gabe. Horren eredu dira, segurtasun arkua edo "erraketa". Baina, euskal preso politikoen egoera are gehiago zaildu asmoz eta euren inguru sozial eta afektibotik aldentzeko asmoz, Espainiar Estatuak beste urrats bat eman du. Euren helburua argi da, euskal preso politikoak pertsona eta subjektu politiko gisara suntsitzea da. Horretarako, komunikazio forma oro eten nahi du.
Etxeratentzat, eraso berri hau dinamika errepresibo oso baten baitan kokatzen da. Urtea, ustezko “damutasun” politikaren indartzea eta propaganda mediatikoarekin hasi zuen Rubalcabak gidatzen duen aparatu errepresiboak, ondoren Aresek argazkien aurka abiatu zuen gurutzada tamalgarri eta bortitza etorri zen, bitartean gure elkartea legez kanpo uztearekin mehatxatu dute eta azkenik, aurrez aurrekoetan sartzeko senide eta lagunak umiliatu nahi izatea.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboa suntsitzeko mekanismoak dira, senide eta lagunen artean batasuna hausteko mekanismoak. Baina, argi eta garbi esan nahi diegu berriz ere kale egingo dutela. Borroka hau inteligentziaz, pazientziaz eta duintasunez aurrera eramango dugula. Badira urteak non bidean hamaika traba jartzen dizkiguten, baina behin eta berriz gainditzen ditugu. Elkartasunak mugak eta etenik ez duelako. Gure senide eta lagunak maite ditugulako eta maitasunak errepresioak berak baino indar gehiago duelako.
Elkartasun uholdea antolatu behar da euskal jendartean indarrean dagoen espetxe politika kriminalari amaiera emateko. Guztion arteko elkarlana ezinbestekoa izango da. Interpelazioa Euskal Herrian eta nazioartean. Ukitu beharreko ate guztiak ukituko ditugu gure senide eta lagun presoen eskubideak errespetatuak izan daitezen. Kalean eta bulegoak astinduko ditugu konpromiso bila.
Euskal presoak etxera!
Asteburu honetako gertakariak:
Galdutako Aurrez aurrekoak:
- Curtisen 7 aurrezko aurreko galdu ziren.
- Herrera de la Manchan 6 aurrez aurreko galdu ziren.
- Jaenen 6 aurrez aurreko galdu ziren eta senide eta lagunak espetxetik ateratzen ari zirenean funtzionario batek “ojala se estampen todos en la carretera” esan zien.
- Almerian 6 aurrez aurreko galdu ziren. Hori dela-eta, bertako presoek itxialdi bat burutzea erabaki dute azaroaren 16tik 20ra eta 23tik 27ra. Aranjuezko espetxean ere, egoera konpondu bitartean, itxialdiak egingo dituzte.
- Ocaña II-n bi aurrez aurreko galdu ziren.
- Huelvan 2 aurrez aurrezko galdu ziren. Huelvako espetxean preso dagoen Anabel Eguesen senideei sekulako kontrola egin zieten Salamancan. Ustez drogaren aurkako kontrol bat izanik, Guardia Zibilak lau hankadun txakurrak sartu zituen kotxe barruan eta miaketa bortitz bat pairatzera behartu zituzten goizeko hiruetan.
- Brievan bi aurrez aurreko galdu ziren.
- Teruel, Daroca, Aranjuezen, Valentzia eta Granadan ere aurrez aurrekoak bertan behera geratu ziren.