Algortako Bilgune Feministaren oharra:
Erasoei ofentsiba, ekin autodefentsari!
Emakumeon kontrako indarkeria kasuak kaleratzeaz nekatuta gaude, egoeraren larritasunaz eta arazoaren izaera estrukturala eta instituzioen hutsuneak ikustarazteaz ere bai. Emakume izatearen arriskuez kontziente gara, baina ez dugu salbatzaileen zain egoteko asmorik. Gure burua defendatzeko gaitasunean sinesten dugu eta kolpeei, irainei, gutxiespenei, mehatxuei aurre egin nahi diegu. Egin nahi ez duguna egiteari utziz, maite gaituela dioten erasotzaileei planto eginez, menekotasunetik kanpo gure bizi proiektuak askatasunean garatuz. OFENTSIBARA PASAKO GARA: erantzutera, defendatzera eta ekitera!
Indarkeriaren erroetara jo eta berarekin amaitzeko beharrezko diren jokabide, jarrera eta tresnak eskuratuko ditugu; hots, autodefentsa praktikatuko dugu.
Emakume bat erasotzen dutenean, gutako edonor erasotuko balute bezala da. Eraso sexistak ezin ditugu kasu isolatu gisa tratatu, eraso bakoitzak emakumeon egoera orokorrarengan eragiten baitu. Hortaz gure artean bildu, hitz egin, eztabaidatu eta antolatu beharra dugu.
Instituzioen itxurakeriaz eta martxan dituzten neurri urriez nekatu gara eta horren kontra errebelatzen gara. Emakume gazteengan oraindik orain dauden indarkeri egoera larriak eta gazteen artean ematen diren harreman ez parekideen errealitateak jendartearen estruktura patriarkalak bizi-bizirik daudela adierazten digu, eta guk hau irauli nahi dugu. Horretarako beharrezko diren prebentzio neurriak lantzea ezinbestekoa da, batez ere hezkuntza sisteman.
Kalera atera eta indarkeri egoerari aurre egin nahi diegu ozen. Indarkeriari aurrea hartu nahi diogu!
Azaroak 25, asteazkena, 20:00etan, Telletxen.