Ekintzarik ez
Ekintzarik burutu ez zuen Lanbroa komandoko kideak izatea leporatu zieten lauei, Iñaki Gonzalo Casali 30 urteko zigorra ezarriz. Handik aurrera, itzubaltzetarrak Carabanchel, Navalcarnero, El Dueso, Basauri, Valdemoro, Ocaña I, Langraiz eta azkenean Dueñasko La Moraleja espetxeak ezagutu ditu. Azken hamaika urteotan bertan izan da, Itzubaltzeta / Romotik 271 kilometrotara.
"Kitxu"ren egoeraren salaketak
Palentziako Dueñas espetxean dituzten euskal preso politikoek eta, bereziki, Gonzalo bere herrikideak bizi duen egoera salatu du hainbatetan Itzubaltzeta / Romoko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Errepresioaren kontrako erakundeak pasa den martxoan salatu zuenez, "bisitari kopurua hamar lagunera murriztu zuten 2008ko ekainean. Gainera, zerrenda hori abenduan amaitu zen eta oraindik ez dute berria onartu". Hori dela eta, bisitak ez ezik, aurrez aurrekoak ere galdu zituzten presoek. Gonzalo Casal itzubaltzetarrari lagunak ikusteko "eskubidea" ere kendu egin zioten. Etxekoei dagokienez, presoen senide direla frogatzen zuten agiriak aurkeztu behar izan zituzten berriro, "nahiz eta paper horiek espetxe agintarien eskuetan egon jada", AAMren hitzetan. "Horrek familiarrengan eragozpenak sortzea baino ez du helburu", orduan salatu zutenez.