Plentzia eta Gorlizko Ezker Abertzaleak zabaldutako oharra:
Emakumeok pairatzen dugun egiturazko indarkeriari aurre egiteko, egungo harreman eredua eta jendartearen egituraketa errotik eraldatu behar da. Eta horretarako emakumeok eskubidedun subjektu osotzat hartzea ezinbestekoa da. Egun ukatu eta urratzen dizkiguten eskubideez jabetu behar gara, emakumeok eskubide osoko subjektua bilakatuz.
Aipaturiko instituzioen iruzurraren aurrean eta Euskal Herriko aldaketa politikoaren norabidean, politika feminista integrala aldarrikatu eta sustatu behar dugu. Gure proiektu politikoaren perspektiban urratsak eman behar ditugu eta benetako praktika feminista garatu behar dugu. Norabide honetan urrats praktikoak ematen jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu. Indarkeria aurre egiteko politika integralari dagokionez, mota desberdinetako neurriak hartu beharko ditugu kontuan. Alde batetik, hezkidetzan oinarritutako prebentzio neurriak hezkuntzan, osasungintzan, lan eremuan, gazterian, zerbitzu sozialetan, etab. Bestetik erasotu ondorengo neurri asistentzialak eta erantzun soziala artikulatzeri begirakoak.
Azken honi dagokionez, larritasun osoarekin heldu behar diegu, indarkeria sexistaren salaketa eta erantzuna iraunkorra bihurtuz. Indarkeria kasuen aurrean eta zehazki emakume baten erailketa gertatzen denean, 48 ordutara mugimendu feministak deitzen dituen mobilizazioetan parte hartzea ezinbestekoa zaigularik. Halaber, eraso sexisten aurrean eman beharreko erantzuna behar bezala artikulatzea premiazkoa da eta bide horretan Ezker Abertzalearen herri irizpideak bermatzea funtsezkoa zaigu.
Halaber, Ezker Abertzaleak, barne mailan ere, ez dituela jarrera sexistarik onartuko azpimarratu nahi du. Eta hauek ekidin eta balizko erasoen aurrean hartu beharreko neurriei helduko die.
Bestalde, indarkeriari aurre egiteko emakumeon arteko elkartasuna eta antolakuntza nahiz borroka feministaren premia eta balio politikoa azpimarratu nahi dugu. Baita indarkeriaren aurrean jendarte osoaren inplikazioa ere. Izan ere, guztion ardura da, nagusitzen den sexismoa eta indarkeria adierazpen ororekin bukatzea.