LAB sindikatuak zabaldutako informazio orria:
Cespak eta Udalak gure minusbaliotasunagatik baztertzen gaituzte
Auzokideok:
Sopelako kaleak garbitzen ditugun 13 langileak, Cespa eta Udalaren aldetik pairatzen dugun bazterketa bidegabe eta iraingarriaren berri eman nahi dizuegu.
Hiru urte daramatzagu Cesparentzat lan egiten, eta gaur-gaurkoz beste Udalerrietan lan egiten duten langileen erdia kobratzen dugu. Soldata lotsagarriak, urteko 365 egunetan, jaietan, Gabonetan, herriko jaietan… lan egitearen truke. Kaleak, hondartzak, estolda zuloak… garbitzearen truke.
Zerbitzu batean, enpresa aldaketa ematen denean eta langileak subrogatzen direnean, hauek baldintza kaskarragoak izan badituzte ohikoa izaten da parekatze progresiborako akordio baten bidez baldintzak hobetzea, beste langileen mailara iritsi arte. Gure kasuan hau ez da horrela, hiru urtetan ez dugu izan inolako igoerarik. Zergatik ote? Minusbaliotasunak ditugulako?
Bi urte daramatzagu ukaezina den eskubide bat aldarrikatzen: Lan berdinagatik, soldata berdina izatea.. Cesparekin izan gara, eta honek Udalera bidaltzen gaitu, Udalarekin egon gara eta Cesparena dela erantzukizuna esaten digu. Talde politikoekin ere izan gara eta ezer ez. Hitzak besterik ez, hitz onak bai baina inolako ekintzarik ez. Negoziatzen hasteko mahaian esertzeko aukerarik ere ez digute eskaini. Hitz politak besterik ez.
Guk ez ditugu hitz onak nahi, soldata duin eta bidezkoa exijitzen dugu gure lanagatik.