Sustrai Colinak irabazi du Gernika-Lumoko saioa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko aza. 21a, 21:37

Sustrai Colinak irabazi du gaur Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan jokatutako Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoa. Colina sano ondo aritu da saioan zehar, 2.000 bertsozaleren txaloek eskainitako giro beroan, eta horri eta Igor Elortzak eta Miren Amurizak egindako poto banari esker metatu ditu hark puntu gehien, 655, alegia. Beste bertsolariek ere ondo aritu dira, ale politak utziz. Urruñarraren atzean gelditu dira Igor Elortza (641), Beñat Gaztelumendi (634,25), Miren Amuriza (631,25) Jone Uria Albizuri algortarra (613,25) eta Jon Martin (606,50). Puntuazio horiek horrela, Andoni Egañarekin batera datorren abenduaren 13an BECen zer zazpi bertsolariek abestuko duten jakiteko datozen saioetara arte itxaron beharko da. Ordea, Jone Uriak final batera joatea aseguratu egin du. Baina ez gaurko saioan, herenegungoan baizik. Bertxoko Sariketaren azken kanporaketan parte hartu zuen ostegunean Gasteizen eta bertan Aramaioko finalerako sailkatu zen. Argazkian, Sustrai Colina artxiboko irudi batean / © Euskal Herriko Bertsozale Elkartea. Argazki gehiago ikusteko, sakatu hemen.

Gaurkoa ez da izan etorkizunean nostalgia handiz gogoratuko den bertso saio horietako bat, baina lan ona eginda bertsolariek ez dute publikoa epel utzi. Dramak sinesgarri bilakatu dituzte eta komerietan irria utzi dute bertsozaleen ezpainetan, betelan eta errima dotoreak tarteko.

Gerlariak, umeak, zortearen bilatzaileak eta katuak

Gainera, hasieratik kartak mahai-gainean utzi dituzte bertsolariek, publikoari zintzotasunez beraien asmoak agertuz. Elortzak bere agurrean ulertzen utzi duenez, kosta ahala kosta BECen sartzen burua estutzen baino orain arteko puntuazioak gura zuen saioa egiteko “libre” uzten zuela iritzi dio egoerari, bertsotan kristorenak botatzen zituen Igor umea gogotan. Saioa bukatuta, eta puntuazioa entzun baino lehen Elortzak ez du baztertu ez Egañarekin batera aritzea ezta palkotik ikustea ere ez. Zalantza Iruñean eta Donostian abestuko dutenek argituko diote.

Sustrai Colinak, berriz, “gerra” ematera etorri da, baina bukaeran ez da gelditu pozik eta bere zaleekin Tolosako saiotik zuen “zorra” kendu ez eta berria ere sortu duela aitortu du. Jon Martin, ordea, jolastera etorri da, “haur bat” balitz moduan. Ildo beretik eman du azken agurra.

Jone Uriak bere lehengo agurrean gogoratu du astelehenean izango duen Matematika karrerako azterketa eta konparazio polita ekarri du txapelketarekin, non zortea aldagaia dela gogoratuz. Bukaeran, baina, hurkoen laguntasuna eskertu ondoren “zorionez nahiz eta BEC betetzea den azken moda / bertso mundua txapelketa bat baino askoz gehiago da” amaitu du azken agurra. Ildo beretik, “dena ez da txapelketa edo txapela” ere argi utzi du lehenengo unetik Miren Amurizak. Beñat Gaztelumendik, azkenik, Bergaran hartutako jipoia izan du hizpide hasieran eta “disfrutatzera” etorri dela iragarri du. Dena den, “katuek baino bizi gehio ditut ta” amaitu du agurra, aurrera pasatzeko esperantzaz.

Hamarreko nagusian, tragediak

Ofiziotan sartuta, hamarreko handiko ariketan, orain dela hilabete bat gizarte zentro bateko gazte bat hartu zuen bikotearen rolean jarri dituzte Igor Elortza eta Sustrai Colina. Zentrotik deitu diete, gaztea horra bueltatu dela esanez eta horren inguruan elkarrizketa osatu dute, azken bertsoak aipagarriak direla. Elortzak honako autokritika egin du: “geurea dugu bai akats hori zeuk esaten duzun eran / eta norberak ez daukan pozik besteeri nola eman / altxatu behar den familia bat badugu guk edozelan / lagundu gura genion hura nahiz eta joan zaigun hegan / beste bi ume ere badaude pentsa dezagun haiengan”. Arrazoia eman dio Colinak, aldi berean joandako umearen inguruko kezkarekin jarraitu duela: “ondokoengan pentsatzeko nahiz sekula ez den berandu / famili giro goxo-goxo bat behar dugu geuregandu / horrexegatik egin gaitezen geure bi umeen kargu / gure artekoa ere konpontzen saiatu behar gara gu / ta haurrak atea zabalik dauka itzuli nahi baldin badu”.

Ariketa berean, ongi etorria egiten ari zaien Alakranakoen seme-alabak izatea egokitu zaie Jon Martini eta Jone Uriari. Martinek horrela haritu du bukaerako bertsoa, belaunaldien artekoak aipagai: “aita itsasoan dago ia beti ta gutxitan da etxeko / eta dagoen aldi gutxitan askotan malaletxeko / lehen oso gaizki moldatzen ginen orain agian hobeto / modu kurioso xamarra dugu gizakiok maitatzeko / duguna kendu behar digute dugunaz konturatzeko”. Martini erantzun ostean horrela estrapolatu du gaia Jone Uriak: “baina ikusiz kaian batuta dagoela gaur herria / jende askok du herri honetan askatasun egarria / oraindik ere badago nori egin ongi etorria”.

Baina ofizio horretako alerik onenak Miren Amurizak banatu ditu, bera eta Beñat Gaztelumendi goi mailako mendizale biren gorputzetan sartu behar izan direnean. Biak oinarrizko kanpamentuan egonda, eguraldi txarra dela eta jaisteko esan diete azken kanpamenduan dauden espediziokoei baina haiek gorantza egiten ikusi dituzte. Amurizak egoeraren deskribapen poetiko batez abiatu du gaia:

Himalayara etorri ginen ilusioz eta fuerte
kanpamendura iritsi gara eta orain derrepente
dena da haizea dena ekaitza dena dago indar bete
esperientzia berri hau ez da joango agian hain merke
elurra oraindik zuria dago baina asko belztu daiteke

Bigarren bertsoa ere joskera finez apaindu du Mirenek:

Mendi gailurra ikusi eta ia ezer ez da traba
nahiz eta haizea puzka aritu ta elurra mara-mara
sinestezina da une hontan daramadan bihozkada
euren ameri zer kontatuko diegu guk, Beñat, hara
lau etorri ta bueltan bi baino iritsiko ez bagara

Azken bertsoan, baina, borobil erantzun dio Beñat Gaztelumendik.

Bizitza asko estimatzen det, Miren, egon zaitez geldi
gu bi bakarrik izanagatik bi bagera ta gaitzerdi
sarri gailurra ustekabean bihurtzen da amildegi
pertsonak bere ametserantza beti nahi dulako segi
pixkat gorago, pixkat gorago ta azkenean goregi

Puenting-a egiten duen agurea

Zortziko txikian, berriz, ederto moldatu dira Igor Elortza eta Jon Martin, publikoa algaraka jarri dutela. Durangarra puenting monitorea da, bapatean Jon agurea hurbildu zaiona, bera ere puenting egin nahi duela esanez. Lehenengo bertsotik aizkora atera du Elortzak: “Juanito ikusten zaitut bastante potente / baina bihotzarentzat hau joaten da fuerte / oraindik ere ez zaitez jarri prest ta tente / lehenengo DYAkoei deitu behar nieke”, esan du, pilotalekuaren izkina batean izan diren DYAko kideen harridurako. Martinek, berriz, ironiaz erantzun dio, aurreko bertsoaldiak gogoan: “Ba bai furgoneta bat azkar etor bedi / buru jakintsuena da Gaztelumendi / bere irakaspenak nahi nituzke segi / behera ta behera joan baina ez beheregi”. Baina ironia jokoetan bera ere motz ez dabilela erakutsi du Igorrek, “diozu beherakoa atsegin zaizula / baina nik uste 'gora' joan nahi duzula” erantzutean. Martinek berriz zerura igotzea beharrean beste ideia batzuk dituela adierazi du: “kontua da haustea pixka bat oreka / sentsazio berriak sortzea tarteka / gora joan behar badut joan nadin, iepa / azken aldian ez zait ezer joaten eta”. Oztopoak jarri dizkio orduan Elortzak: “ez dizut utziko ta arnes hori kendu / baina soka saltoan egin dezakegu”. Horrela, erraz jarri dio Martini azken errematea ematea: “arnasa ta arnesa loturik askotan / berdin zait saltoka hasi behar badugu sokan / prekauzioak hartzen ditut holakotan / kola asko jarri dut hortza postizotan”.

Jone Uriak eta Beñat Gaztelumendik ere ale polit batzuk utzi dituzte zortziko txikian, barre biziak eragiten. Biak bizilagunak dira, Jone Beñaten azpian bizi dela. Gaztelumendik goizeko 3etan pizten du aspiragailua. Jonek argi utzi du zergatia: “harrituta naukazu, zuk, Beñat, benetan / beti garbitzen duzu parrandaren bueltan”. Hainbat gorabeheren ostean, Beñatek ekuazioan falta izan den aldagaia sumatu eta aurpegiratu egin dio Joneri: “aspiradora daukat propio gordea / zurerik inoiz ez det entzuten ordea”.

Josu Jon Imaz, bertsotan

Hamarreko txikian, lagunak baino gehiago izan dira Jon eta Miren. Jonek bere etxeko giltzak eskaini dizkio: “hartu etxeko giltzak patrikan sartuta / bihotzekoak aspaldi eman nizkizun ta”. Mirenek, berriz, entzungorrarena egin du: “aspaldidanik daukat guztiau entzuna / (...) / badakit zer den eman nahiko didazuna / lehenengo giltzak eta gero eraztuna”. Martinek koherentzia galdu eta korapilatu bada ere, Mirenek jarraitu du goia joz, lantzean behineko maitaleari gozo xuxurlatuz. “Ahaztu giltzak eta esnatu, kariño / hitz egiteko ez naz etorri honaino” bukatu du gaia, zaleen txaloen artean.

Gaztelumendi eta Colinak ere asmatu egin dute jokoa eman dien gaiarekin. Biak lehen lerroko politikariak izan dira, orain dela gutxira arte. Beñat hitzaldiak ematen jo ta ke dabil. Sustrai desagertu da bizitza publikotik eta bere arrakasta aurpegiratu dio Beñati: “ene Josu Jon lagun halakoren baten / jubilatzea ez da erreza izaten / beti zabiltza txapa galantak ematen / bihar Gernikan eta etzi Arrasaten / ez duzu inoiz jakin isilik egoten”. Borobil erantzun dio Gaztelumendik: “Ni lehen Jaurlaritzan gaur Petronorren nago / baina gaur agintzen det lehen baino gehiago”. Orduan, ezker abertzalean kokatu du bere burua Sustraik: “nahio isilik egon ez da berriketa / nere kide guztiak kartzelan daude eta”. Amaieran, sakondu du ildo horretan: “Bai Aresek gurean ari da jo ta ke / inkisizio baten hartu nahi du parte / nahiz ta diskreto samar nabilen gaur arte / eta mikrofonotik ibili aparte / sukaldeko lanean topatuko naute”.

Ajuria Eneatik Jai Alaira barrez barre

Ondoren, koplatan aritu behar izan dira bertsolariak, lauko handian. Mirenek eta Igorrek barre algarak eragin dituzte, gaia lagungarria izan dela. Izan ere, Ajuria Eneako sukaldariak izan dira, azkenaldian aldaketa franko somatu dutenak. Patxiren jakietan pozoia jartzeko ideiak alde batera utzita, honako koplek sortu dituzte irrifarre gehien: Elortzaren “bai, Patxi bada baina andrea ere hor ibiltzen da jo ta su / superseñora hemen dator ta zeuk aguantatu ezazu” eta Amurizak emandako erantzuna: “superseñorak exijitzen du superseñor-ak adina/ hiru-lau pastel gosaldu eta eskatzen du sakarina”.

Umoretsua ere izan da Gaztelumendi eta Martinen ofizioa, aerobikeko lehen egunean erritmoa hartu ezinik ibili direnak. “Irakasleak eskuin ta esker egiten digu hain trebe / nik ja ez dakit hemen zer hanka mugitu behar den ere!”, kexatu da Beñat. “Egia da, bai, mugitzeko ere badago hamar aukera / egin ezazu nik bezalaxe: mugitu denak batera”, azaldu dio Martinek, ondoren honakoa gehitzeko: “mugitzen gera batzutan azkar eta bestetan astiro / tanga ipurdian sartzen zait baina mugitzen naizen aldiro”. Goitik behera begiratu eta horrela erantzun dio Beñatek: “tanga ez dezu hain arraroa nik beste bat det galdera / bakeroekin, nola zatoz zu aerobikeko klasera?”.

Azken koplak Jonek eta Sustraik jarri dituzte, apustuzale amorratuen paperetan. Biek ala biek hile batez apusturik ez egiteko postura hitzartu dute eta agindutakoa nork urratuko duen lehen elkarri zaintzen diote. Jai Alain egonda, ezinbestean pilotaz aritu dira hizketan. Horrelako batean, “nik apustua egingo nuke gaurkoan ziur horrela / 22ra iristen lehenak irabaziko duela” bota du Jonek. Sustraik lasterka bota bere gainera: “horrek apustu itxura zeukan eta entzun dizut sutsu / apustua egin duzu eta apustua galdu duzu”. Hona hemen Uriak bere defentsan erabilitako argudioa: “nahiz eta orain zabiltza Sustrai ni izorratzeko planean / apustua ez da apustu izaten dirurik ez dagoenean”.

Txantxagorria txantxate, birigarroa alkate, zozoa dala mediante, txepetxa preso sartu dute

Gauzak horrela, bertsolariak kartzelara sartzeko unea heldu da, bakarko lanean aritzeko. “300 eurorekin irten zara etxetik eta ezer gabe itzuli zara berriz” izan da jarritako gaia. Orokorrean, bertso politak entzun dira, baina saio orekatu baten ondoren akatsak gehiago nabarmendu dira asmakizunak baino. Horrela, Igor Elortzako eta Miren Amurizak poto bana egin du eta Jon Martinek errima gurutzatuen Habanera doinuaren aldeko apustua egin du, baina gero ez du lortu errimen koherentzia mantentzea. Gaiei dagokienez denetarik egon da: Elortzak eta Uriak besteen edariak ordaintzen gastatu dute dirua; Amurizak dendetan arropa erosten; Colinak ligatzen, edo, hobeto esanda, horretan saiatzen; eta azkenik Jon Martinek eta Beñat Gaztelumendik jokoan. Gaztelumedirena izan zen bertsoaldirik hunkigarriena:

Teniseko pilotak hor gora eta behera dabiltz
artekariek azpitik so egiten dute irriz
haseran aimarren alde jokatu det kontu handiz
baina gero asperturik nago jada retegi biz
dirua galdu ta galdu ta ezer ez irabaziz
sarritan jokatu ohi det era hontan arinkeriz
ta gaur beti bezelatsu nahastuko nintzen neurriz
pilotaleku batera enaiz etorriko berriz

galdu nuen gaueroko ardo eta patxarana
galdu nuen baserria eta galdu nuen lana
galdu nuen burua ta nere emazte laztana
galdu nuen familia galdu aita eta ama
galdu nuen neukan hura soilik gelditzen zait drama
galdu nuen semetxoa dena eman diodana
galdu nuen bizi hontan inportatzen zaidan dana
eta trukean zer izan da irabazi dudana?

Famili normala ginen zoriontsua tarteka
parkean ibiltzen ginen umearekin lasterka
andrea ere zegoen ta maitasunez beteta
baina hartu nuen dena urrun bidaltzeko beta
sarri esaten zidaten jokua ez da errenta
baina hain da tentagarria apustuen erruleta
ta berriro egingo det mundu ilun hontatik buelta
bizirik sentitu nadin modu bakarra da eta

Sailkapena:

Bigarren bueltan abestu dutenak:

1- Sustrai Colina, 1.301 puntu
2- Miren Amuriza, 1.286,75 puntu
3- Beñat Gaztelumendi, 1.278,75 puntu
4- Igor Elortza, 1.270 puntu
5- Jone Uria, 1.247,25 puntu
6- Jon Martin, 1.225,50 puntu

Oraindik bigarren bueltan abestu ez dutenak:

7- Maialen Lujanbio, 708,5 puntu
8- Amets Arzallus, 704 puntu
9- Aitor Mendiluze, 680 puntu
10- Jon Maia, 679 puntu
11- Julio Soto, 652,5 puntu
12- Aitor Sarriegi, 651 puntu
13- Iñaki Zelaia, 643,5 puntu
14- Uxue Alberdi, 637,5 puntu
15- Onintza Enbeita, 631,5 puntu
16- Arkaitz Estiballes, 630,5 puntu
17- Unai Iturriaga, 626 puntu
18- Iñaki Gurrutxaga, 626 puntu
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun