PATen oharra:
Euskal preso politikoen egoera larria da benetan. Espetxeetan, beraien aurka mantentzen duten espetxe politika krudela dela-eta, preso politikoen eskubideen ukazioa eguneroko ogia da. Aspaldian Euskal Preso Politikoen Kolektiboari begira hartzen diren neurriek, bi gobernuek preso politikoak pertsona bezala suntsitzeko politikarekin aurrera jarraitzen dutela gogorarazten digute, biziarteko espetxe zigorra, gaixo larriei ezarritako heriotza zigorra edota senide eta lagunengandik ehunka kilometrotara sakabanatuak izatea honen adibiderik lazgarrienak izanik.
Preso politiko eta pertsona gisa dagozkien bestelako eskubide asko ere ukatuak dituzte, ikasteko eskubidea kasu. Orain arte espainiar espetxeetan preso zeudenek UPVn, eta beraz euskaraz, ikasteko debekua bazuten, aurtengoan frantziar estatutan espetxeratuta dauden kideek ere ezinezkoa izango dute horrela egitea.
Preso politikoei nahiz sakabanaketa krudelaren bidez euren senide eta lagunei aplikatzen zaizkien neurri hauek guztiak eteteko, herritarren inplikazioa eta lana ezinbestekoa da. Bide honetan, datorren azaroaren 25ean, hilabeteko Azken Asteazkenarekin bat eginez, Presoen Aldeko Taldeok Euskal Herriko kanpus eta fakultate desberdinetan burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu.
Ikasteko eskubideen jabe, Euskal presoak Euskal Herrira!