Azaroaren 27ko udal batzarrean aurkeztuko duen beste mozio baten berri eman du gaurkoan
Getxoko PPk. 2011ko Espainiako Txirrindularitza Vueltaren etaparen bat hartzeko balizko udalerrien artean, antolatzaileek Getxo kontuan har dezatela eskatu nahi du Mari Arrue buru duen taldeak. "Lehen mailako kirol ekitaldiak hartzeko prestatuta badago Getxo udalerria. Kirol arloan duen garrantziaz gain, Espainiako Vuelta hartzea Turismoa sustatzeko aukera paregabea izango litzateke: mundu mailako telebista kateetan udalerriko irudiak agertuko lirateke, kanpotik milaka txirrindulazale etorriko lirateke...", azaldu du Arruek. Azaroaren 16ko bilkuran, Espainiako futbol selekzioaren partidak eta Espainiako Vueltako lasterketa Araba, Bizkaia edo Gipuzkoan jokatzeko bi eskaera onartu zituen Eusko Legebiltzarrak. PSE-EE, PP eta UPyDren babesarekin atera ziren aurrera bi proposamenak; EAJk eta Aralarrek aurkako botoa eman zuten. Gauzak horrela, oraingo honetan, Getxoko PSE-EEren babesa izatea "espero" dute tokiko popularrek. Argazkian, uztailaren 31n, San Inazio egunean jokatu ohi den Getxoko Zirkuitua jarri du udalerrian dagoen bizikleta zaletasunaren "eredu" Arruek.