Datorren igandean, hilak 29, Donostiako Antonio Elortza Belodromoak hartuko du Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren itzuliko azken finalaurrekoa. Iñaki Gurrutxaga, Uxue Alberdi, Maialen Lujanbio, Aitor Sarriegi, Jon Maia eta Arkaitz Estiballes arituko dira bertan, 17:30etik aurrera. Sarrerak, ohi lez, http://www.bertsosarrerak.eu/ gunean eros daitezke jada. Gazteek 4 eurotan eros ditzakete txartelak, bazkideek 9 eurotan eta bestelakoek 12 eurotan.
Bitartean, BECerako txartelak bertsosarrerak.eu gunean agortu dira, eta horiek lortzeko bi era baino ez daude ja. Datorren igandean Donostiako belodromoan erostea da haietako bat. Gazteentzat, bazkideentzat eta bestelakoentzat, hurrenez hurren, 6, 18 eta 26 euroko prezioa dute sarrerek. Era berean, finaleko bazkarirako txartela har daiteke, 20 eurotan. BECerako txartelak eskuratzeko beste modua, kasu horertan finalaren sarrera arruntak baino ez, eskualdeko honako guneetara hurbiltzea da: Itzubaltzeta / Romoko Aurrezki Kutxa kaleko Gure Etxea taberna eta Algortako Villamonte taberna.
Nor jesarriko da BECeko oholtza gainean?
BECeko eszenatokian Iñaki Egaña txapelduna zer zazpi bertsolarik lagunduko duten, Donostiako saioan argituko da, nahiz eta gauza batzuk dagoeneko igar daitezkeen. Izan ere, Amets Arzallus BECen egongo dela da gauza ziur bakarra orain arte, baina Mendiluze, Iturriaga eta Colina bertan izatea ia segurua dela inori ez zaio ihes egiten. Bestalde, aurreko itzulian metatutako puntuekin, oso saio kaskarra egin beharko lukete Lujanbiok eta Maiak Barakaldoko aulki zurietan ez jesartzeko. Hortaz zalantzak BECeko zortzigarren bertsolariaren inguruan kokatzen dira. Printzipioz, Miren Amuriza berriztarrari dagokio ohore hori, baina Donostian arituko direnek horren inguruan badute zeresanik. Aitor Sarriegi, Uxue Alberdi, Arkaitz Estiballes eta Iñaki Gurrutxaga dira gaztetxo bizkaitarrari lekua kentzeko ahalegina egin beharko dutenak. Puntu gutxien beharko lituzkeena Sarriegi da, 636 puntuz BECera sartuko litzakeena. Gurrutxagaren kasuan, ordea, 651 puntu beharko lirateke.
Sailkapena:
Bigarren itzulian abestu dutenak:
1- Amets Arzallus, 1389,75 puntu
2- Aitor Mendiluze, 1349,75 puntu
3- Unai Iturriaga, 1318,25 puntu
4- Sustrai Colina, 1301 puntu
5- Miren Amuriza, 1286,75 puntu
6- Iñaki Zelaia, 1282,75 puntu
7- Julio Soto, 1281 puntu
8- Beñat Gaztelumendi, 1278,75 puntu
9- Igor Elortza, 1270 puntu
10- Onintza Enbeita, 1252,25 puntu
11- Jone Uria, 1247,25 puntu
12- Jon Martin, 1225,5 puntu
Bigarren itzulian oraindik abestu ez dutenak:
13- Maialen Lujanbio, 708,5 puntu
14- Jon Maia, 679 puntu
15- Aitor Sarriegi, 651 puntu
16- Uxue Alberdi, 637 puntu
17- Arkaitz Estiballes, 630,5 puntu
18- Iñaki Gurrutxaga, 626 puntu