Gabonei begira plazaratutako euskarazko produktuen katalogo berriaren 15.000 ale aste honetan hasiko da banatzen Getxoko Udaleko
Euskara Zerbitzua. Hain zuzen ere, 0 eta 18 urte bitarteko neska-mutilak dauzkaten familia getxoztarren etxeetara bidaliko dituzte, produktu horiek salgai diren udalerriko 15 komertzioen zerrenda eskaintzen duen Imanol Landa alkatearen eskutitzarekin batera. Liburuxkak euskaraz plazaratzen diren "produktu egokienak" eta haien inguruko informazioa (argitaletxea, prezio tartea eta abar) jasotzen ditu, "etxeko haurrek eta gazteek euskaraz jolasteko, ikasteko, irakurtzeko edo gozatzeko aukera izan dezaten", udal iturriek aipatu dutenez. Katalogoa udalerriko dendetan eta egoitza publikoetan ere eskuragai egongo da; baita
www.katalogoa.org webgunean ere. Aurtengo berrikuntza, nolanahi ere, sarekoa da. Izan ere, guztiz berrituta dago, paperean jasotako produktuez gain, merkatuan aurkitu daitezkeen beste asko agertzen baitira. Aukera dago, gainera, produktu horien saltokietara iristeko, eta bertatik erosteko. Argazkian, umeak jolasean Getxoko udako liburutegietako batean / © Getxo.net