Duela egun batzuk Eudeleko egoitzan aurkeztutako kanpainaren helburua gazteei emakumeengana dagoen indarkeria detektatzen laguntzea eta prebenitzeko eta aurre egiteko baliabideak ematea da, udal iturriek aipatu dutenez. Izan ere, “burututako ikerketek erakusten dute indarkeri-jarrera batzuk hain ohizkoak direnez neskek eta mutilek tratu txarrak, batez ere psikologikoak, atzemateko zailtasunak izaten dituztela, Imanol Landa alkateak azaldutakoaren arabera. Bestalde, azaroko ohiko bilkuran, kanpainan parte hartzen duten erakundeen agiriarekin bat egiteko asmoa du Getxoko Udalbatzak. Indarkeria fisikoaz gain, "indarkeria sinbolikoa" ere kontuan hartu behar dugula gogoratzen du agiriak, "horren bidez, emakume izate hutsagatik egoera desberdinak bizi dituztela ohartzen direlako neska gazteak; adibidez, atzean pausu batzuk entzuteagatik espaloiz aldatzea, edo eremu publiko batetik alde egitea lotsatuta sentitu ondoren...".
Eraldatzen
Gogoratu, hirugarren urtez, Getxo I, Aixerrota eta Fadura institutoetako, Nuestra Señora de Europa ikastetxeko eta San Nikolas ikastolako DBHko hirugarren mailako 17 ikasgeletako ikasleak parte hartzen ari direla Getxoko Udalaren Berdintasuneko Zerbitzuak sustatutako "Eraldatzen" programan, emakumeenganako indarkeria saihesteko asmoz. Metodologia dinamiko eta parte hartzaile batean oinarriturik, sexu-genero, sozializazio prozesuak, maitasun ereduak eta indarkeria sexista bezalako gaiak lantzen ari dira ikasleak, ordubeteko iraupeneko bost saiotan. 2008-2009eko ikasturtean 327 neska-mutilek parte hartu zuten ekimenean.