Langabezian eta gizartean baztertuta geratzeko arriskuan daudenen prestakuntza lan merkatura sartzeko "tresnarik onena" da, Eusko Jaurlaritzaren arduradunen arabera; "eta horixe da, hain zuzen ere, gizarte babeseko sistemarik onena", aipatu dutenez. “Ekimen honetan udalek funtsezko zeregina dute”, azpimarratu du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak: “Herritarra gertuen daukan erakundeak dira, eta ahalegin handia egiten dute gizarte kohesioaren alde”.
Betikolanen xedea 390 langabeturi adinekoen eta mendekoen zaintzaren arloan gaikuntza eta prestakuntza ematea da, "etorkizunean lan-aukera handia" izango duen esparrua baita, euren ustez. "Bi giza talde horien zaintza gero eta garrantzi handiagoa duen lan-sektorea da. Betikolan, beraz, aukera bat da, eta enplegu eta gizarteratzearekin hartzen dugun konpromisoa”, adierazi du Zabaletak.
Hamar mila langabetu gehiago
Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 120.200 langabetu daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan; hau da, aurreko hiruhilekoan baino 10.000 gehiago. Urte honetako hirugarren hiruhilekoari buruzko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuak ei dira. Horrela, langabezia-tasa %11,5era iritsi da jada, eta horrek argi uzten du benetako erronka enpleguan dagoela. “Inolako zalantzarik gabe, enplegua da gure gizartean txertatzeko baliabide nagusia. Horrez gain, orain arte egindako azterlanek erakusten digutenez, diru-sarrerak bermatzeko errentaren hartzaileen herenek (50.000 pertsonatik gora) enplegurantz bideratzeko eta gizarte-bazterkeria saihesteko baldintzak betetzen dituzte”, adiearzi du sailburuak.