Kurtzio kultur etxeak ekimen ugari hartu eta hainbat programa jarriko ditu abian. Besteak beste, Kzgunea, Gazte Informazio Bulegoa, Kultura eta Kirol sailak bertan dira lanean, egun. Margogintza aretoa eta erabilera anitzetarako gelak ere martxan dira jada. Horretaz gain, areto nagusian zenbait ekintza, aurkezpen eta prentsaurreko egin dira orain arte. Hemendik aurrera, dantza, musika, antzerkia eta abar luzeaz gozatzeko aukera egongo da bertan. Bestalde, Kurtzio kultur etxeak herritarrei zuzendutako ekipamendu zabala du, hala nola, txikigunea (2 eta 4 urteko haurrentzat), ludoteka (4 eta 12 urte bitartekoentzat) eta gaztelekua (13 eta 18 urte bitarteko gazte eta nerabeentzat).
Bizimeta Kurtzion eta igerilekuan
Bizimetak, Uribe Kostako Mankomunitateko bizikleten mailegu zerbitzuak, txirrindulak hartzeko eta itzultzeko gunea jarri du Kurtzio kultur etxean; baita udal igerilekuan ere. Toki bakoitzak 10 bizikleta izango ditu. Herriarteko garraio publiko eta ekologiko sistema da Bizimeta. Txartel pertsonalaren bidez har daiteke txirrindula, Bizi Puntuko pantailako argibideak jarraituz. Sistemak berak adierazten du zein den hartu beharreko bizikleta. Creditrans txartelaren bidez ordaindu ostean har daiteke sistemak adierazitako bizikleta.
Sopelako Kurtzio kultur etxea (Mendieta, 11) astelehenean (azaroak 30) irekiko dute ofizialki, Ander Deuna egunean, hain zuzen. 13:30ean egingo da harrera. Ondoren, ohorezko aurreskua dantzatuko dute, 13:45ean. Horren ostean egingo da bisita gidatua, kultur areto berriak dituen baliabideak, areto eta zerbitzuak ezagutzera emateko. 14:15ean, hitzaldia eta hamaikatakoa izango dira. Aurkezpen ekitaldian izango dira Imanol Garai Sopelako alkatea, Josu Landaluze alkateordea eta Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatua. Arratsaldez ere ez da animaziorik faltako. 19:30ean hasiko dira ekitaldiak. Horrenbestez, Julio Ibarrak egingo ditu aurkezpen lanak. Barinatxe taldeak, berriz, txistu kontzertua emango du. Ondoren, piano doinuak eta ahotsa uztartuko dituzte Maite Aranguren piano joleak, eta Garbiñe Abendaño eta Maite Ojanguren sopranoek. Ander Blascok, bere aldetik, eskusoinuaz alaituko du emanaldia. Musika ikuskizunen ostean, Ikerne Goikoetxearen dantza emanaldiaren ordua izango da. Horren ostean, Sopelana Bibolin Hirukoteak joko du. Azkenik, Alurr dantza taldeak bere ikuskizuna taularatuko du, biolin entzunaldiaren gibeletik. Musika emanaldi, ikuskizun eta dantzaldi horien guztien ostean emango zaio amaiera ekitaldiari. Argazkian, bizikletak mailegatzeko zerbitzua ere jarri dute Kurtzio kultur etxean.