Dozenaka lagun atera ziren kalera atzo Espainiako Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak
atxilotutako 34 gazteren askatasuna aldarrikatzeko. Besteak beste, Leioan, 75 bat lagunek manifestazioa egin zuten herrian zehar, "euskal gazteria bakean" uzteko exijituz; Itzubaltzeta / Romon, berriz, 40 pertsonek parte hartu zuten bertako martxan. Mobilizazioetan, atxilotutako gazteek paira ditzaketen torturengatik kezka agertu zuten auzokideek. Era berean, Estatu espainolak Segi edo gazte mugimenduaren aurka baino ezker abertzalearen eta Euskal Herri osoaren aurkako "erasoa" egin duela
esan zuten (mp3). Ildo horretan, atxiloketak ezker abertzaleak egindako proposamenari Estatuak emandako erantzuntzat jo zuten. Gauzak horrela, datozen egunotan egingo diren mobilizazioei adi egoteko eta parte hartzeko eskatu zuten. Tartean, gaur Erandioko gazte independentistek zabaldu dutenez, bihar, ostegunean 19:30ean manifestazioa izango da Bilboko Indautxu plazan. Etzi, ostiralarekin, Erandioko metroko plazan "Erasoen gainetik euskal gazteria aurrera! Independentzia!" lelopeko mobilizazioa egingo dute 20:30ean. Argazkian, biharko deialdiaren kartela.