Gizonek ere heldu diote emakumeenganako indarkeraren kontrako aldarriari Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko aza. 25a, 14:59

Leioako Udalak deituta, 60 herritar inguruk egin dute elkarretaratzea Bulebarrean, gaur, azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Isabel Garcia Berdintasun zinegotzia ere izan da bertan. Emakumeak baino gutxiago ziren arren, ez da oharkabean igaro kontzentrazioak izan den gizon kopurua. Emakumezkoekin batera plazara ateratzeaz gain, genero bortizkeriaren kontrako kartelei heldu die hainbatek. Espainolez bazen ere, "Emakume, zurekin gaude!" eta "Ez isildu, bilatu orain, salatu!" bezala leloak irakur zitezkeen afixetan. Bitartean, Erandion, udaletxe aurrean egin dute elkarretaratzea, bertoko emakumeen elkartean deituta. Barrikan, berriz, Aintzane Garai Lopez barrikoztarra zena eta indarkeria matxistaren gainontzeko biktimak gogoratu dituzte, Goierriko kultur etxean. Izan ere, 20:00ak arte, topaketa egiten ari da bertan Barrikako Emakumeen Elkarteak. Argazkian, gizon bat kartelari eusten Leioako elkarretaratzean. Argazki gehiago ikusteko, sakatu hemen.

Ondokoak dira arratsalderako deitutako ekimenetako batzuk:

Algorta

20:00 Algortako Emakume Gazteon Asanbladak deituta, "Erasoei ofentsiba, ekin autodefentsari!" lelopeko mobilizazioa Telletxe plazan.

Areeta

19:30 Gizatiarrek, Itzubaltzeta / Romo eta Areetako Emakumeen Gizarte eta Kultur Elkarteak deituta, elkarretaratzea Bizkaiko Zubian.

Berango

18:30 Adierazpen instituzionalaren irakurketa Berangoeta kultur etxean. Jarraian, "Te doy mis ojos" filmaren proiekzioa eta foruma.

Erandio

18:30 Bizkaiko Caritas elkarteak antolatuta, "Ante la violencia de genero, ¿que podemos hacer?" hitzaldia, Caritasen Altzagako zentroan, San Agustin plazan.

Leioa

19:00 Leioako Emakume Gazteon Asanbladak deituta, "Erasoei ofentsiba, ekin autodefentsari!" lelopeko mobilizazioa Bulebarrean.

Plentzia

20:00 Plentzia eta Gorlizko ezker abertzaleak deituta, kontzentrazioa Piruli plazatxo plentziarrean.

Sopela

19:00 Itzartu emakumeen elkarteak deituta, ekitaldia Udaletxeko plazan. Besteak beste, indarkeriaren aurkako testua irakurriko dute bertan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun