EHEk hezkuntza eredu “bakarra eta euskalduna” aldarrikatuko du bihar Gasteizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko aza. 25a, 23:05

“Erasorik ez! Eredu bakarra eta euskalduna” lelopean, ostegun honetarako (azaroak 26) elkarretaratzea deitu du Gasteizen Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleak. Hitzordua 19:30ean jarri dute, Eusko Legebiltzarraren aurrean. EHEk salatu duenez, "euskarak lehentasunezko izaera behar duen honetan, aipatu menpeko politikek erdaren nagusitasuna mantentzea, errotzea, trinkotzea eta atzeraezin bilakatzea beste helbururik ez dute. Aipatutakoa garbi erakusten duen alorra da irakaskuntzarena. Eskolatik hasita nahi dute ekin, euskararen etsaiek". Gauzak horrela, "Euskal Herri osorako ofizialtasunean eta hizkuntza politika burujabeetan oinarritutako eta euskaldunak sortu eta heziko dituen eredu bakarra eta euskalduna" aldarrikatu du eragile euskaltzaleak. Argazkian, Bilboko EHEk Angeles Custodios ikastetxearen atarian egindako salaketa.

EHEk zabaldutako oharra:

Erasorik ez! Eredu bakarra eta euskalduna!

Euskal Herrian Euskaraz (EHE), herri mugimenduko eragile euskaltzaleak 30 urte betetzen dituen honetan, duela 30 urte bezala salatu behar dugu irakaskuntzaren alorretik eman eta euskararen desagerpena jomugan dituzten politikak. 30 urte daramatzagu herria berreuskalduntzeko borrokan tinko, eta urte guzti hauetan egindako bidean, ez dira gutxi izan eskolen aferan eman diren erasoak eta iruzurrak, eta oraindik orain, eraso eta iruzur berrien aurrean posizionatzea egokitzen zaigu.

Euskarak beren herrian, Euskal Herrian, bizi duen egoera ez da euskaldunok nahi eta behar duguna. Indar erdaltzaleek Euskal Herria zatikatzen duten administrazioetako gobernuetan egin dute lekua; beren menpe dauden hizkuntza politikek euskara galbidera daramate, ezbairik gabe, eta egunez egun urrutiago gaude Euskal Herri euskaldunetik, euskara eta euskaldunon hizkuntza eskubideen babesari dagokienez. Euskal Herriarenak ez diren interesak babesten dituzten menpeko gobernuen eskutik, euskara eta euskaldunok bigarren mailako izatera kondenatzen gaituzten menpeko hizkuntza politikak jasan eta pairatu behar ditugu. Euskarak lehentasunezko izaera behar duen honetan, aipatu menpeko politikek erdaren nagusitasuna mantentzea, errotzea, trinkotzea eta atzeraezin bilakatzea beste helbururik ez dute. Aipatutakoa garbi erakusten duen alorra da irakaskuntzarena. Eskolatik hasita nahi dute ekin, euskararen etsaiek. Hala eta guztiz ere, EHEk garbi dauka zein den beren bidea, hots, Euskal Herri euskalduna eraikitzeko bidean urratsak eman eta euskararen kontrako erasoei aurre egitea.

Eskoletatik abiatutako erasoa

Baina erasoak eta iruzurrak ez dira gutxi; gehiegi aukeran, irakaskuntzaren aferan ere. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetako egoera okerrera doa egunez egun. Azken hamarkadetan indarrean izan den hiru ereduen moldeak huts egin du bete-betean. Ikasleek ez dute euskara ezagutzen ikastetxetik ateratzeko garaian eta datu orokorrak negargarriak dira, 3tik 2 baitira ikasketak bukatzean euskara menperatzen ez dutenak. Aipatu menpeko politiken eragina sekulakoa izan da. Egun, Patxi Lopezen gobernua dugu hiru herrialdeotako gidaritza politikoa esku artean duena, eta jada nahiko garbiak dira ekartzekoa zuten “aldaketa” horren ondorioak. Ares eta Bengoa sailburuek lan eskaintza publikoetan euskararen ordura aarteko balio urria are eta gehiago jaitsiko dutela adierazi zuten bezala, hezkuntza sailburu Isabel Celaaren eta Jose Ramon Etxezarreta, hizkuntza politikarako sailburuordearen ekinbidea ere guztiz salagarria da. 'Euskara Askatasunean' bezala izenpetu zuten txostena egikaritzen hasi dira, eta horren ondorio zuzenak dira hezkuntzaren arloan ematen hasi diren erasoak.

Batetik, euskara lehentasunezko hizkuntza izango zela zehazten zuen dekretua bertan behera bota dute, eurek asmatutako “gurasoen aukeratzeko eskubidea” delakoaren izenean. Jakin badakigu, gurasoek nahi ala ez, ikasleena dela euskaraz ikasteko eskubidea, baina hori ez du bermatuko Celaáren sailak, ez. Euskaldun eleanitzak sortuko dituen eredu bakar eta euskalduna du bitarteko helburu, EHEk; hori baita, gaurdaino itotzen gaituen zamaz askatzeko modu egokiena. Hala ere, Jaurlaritzaren iruzur berria ezin dugu kokatu irakaskuntzaren edo ezagutzaren alorretan bakarrik, Jaurlaritzaren erasoak baduelako oinarrian beste elementu garrantzitsu bat; euskal nortasuna desagerraraztea. Ildo horretan, Jaurlaritzak euskararen eta euskal nortasunaren aurkako politika suntsitzaileak eskolatik abiatu nahi dituela salatu behar dugu. Hala, “euskara demokratizatu” ei izatearen eta eskoletako "doktrinamendu abertzalea" ekiditearen aitzakipean, Jaurlaritzak, hizkuntza ordezkapenaren bidez asimilatu nahi du Euskal Herria, edo berari dagokion zatia.

Euskal Herri osoko errealitatea

Bestalde, Euskal Herriaren luze eta zabalari erreparatuz gero, egoera ez doa hobera. Frantziako Estatuak eta euskara onartu ere egiten ez duen legedi baten barruan euskararen aldeko urratsak eman daitezkeela irudikatzeko lana betetzen duen eta beren delegatu lana egiten duen Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) ez dute euskaldunak sortu eta heziko dituen ereduaren aldeko urratsak ematen. Areago, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako herritarrak analfabeto izatera kondenatzen ditu. EEPk (eta euskara frantsesaren pareko izatearen aurka agertu den EEPko buru, Max Brissonek) euskararen ofizialtasuna ez onartzeaz gain, ez dute beharrezko irakasle euskaldunak egoteko tenorean urratsak emateko borondaterik.

Nafarroa Garaiaren kasua ez da gutxiagorako, izan ere, euskaldunon hizkuntza eskubideak hiru eremutan zatikatzen dituen Vascuencearen Legearen gerizpean arituz, hainbat dira euskararen kontra abiatu dituzten erasoak eta iruzurrak. Irakaskuntzaren alorrean ere, ez dira gutxi aipatu oztopoak. HELLO haur eskoletatik hasi, TILL ereduko ikastetxeetatik jarraitu eta lanbide heziketetatik pasatuz, Nafarroako Unibertsitate Publikora (NUP) bidean, zenbatezinak dira ikasleen hizkuntza eskubideen urraketak. Eremu euskaldunean TILL eredua ezartzen joatea eguneroko ogi bilakatu da, ikastolak itxi dituzte, dirulaguntzak ukatu; haur eskoletatik euskara ezabatu dute, ingelesa ikastearen aitzakiapean, besteren artean.

Euskal Herri osorako ofizialtasunean eta hizkuntza politika burujabeetan oinarritutako eta euskaldunak sortu eta heziko dituen eredu bakarra eta euskalduna behar dugu. Zentzu horretan, euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzen dugu eta honen aldeko dinamikak jarri ditugu, eta jarriko ditugu abian. Betiere, hezkuntza zein euskalgintza alorreko eragileekin elkarlanean, eskoletan euskaldundua izateko bideak zabaltzen joan behar dugu, Eskolak Euskaldundu Herri Ekimena bezalako tresnen bidez. Euskara ezagutzeko eskubidearen defentsan jarraituko dugu lanean, eragileekin ideologizazio lana eginez, herritar, ikasle eta gurasoen kontzientziazioan eraginez, iruzur berrien baldintzatzea erdietsiz eta erantzukizuna dutenekiko markaketak, salaketa lana eta abar eginez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun