Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta antolatutako ekimenak hartu zituen atzo Goierriko kultur aretoak, Barrikan. Emakumeen Hitza elkarteak erakusketa antolatu zuen egun osoan zehar. Emakumezkoek euren trebezia erakutsi zuten erakusketa horretan. Horrela, era guztietako lanak izan ziren ikusgai: margoak, puntu eta joskintza, ohazal eta kuxin brodatuak, liburuak, lore artea eta sukaldaritza. Andrazkoen sormen gaitasun aldarrikatzeko asmoz antolatu zuen erakusketa Emakumeen Hitzak. Halaber, Aintzane Garai Lopez ekarri zuten gogora, indarkeria matxistako biktima. 2007ko maiatzaren 15ean, Mikel Herman Aintzaneren senargai ohia 2005eko urriaren 15ean 26 urteko neska barrizkotarra bortxatu eta hil zuela
frogatutzat eman zuen epaileak. Bakion egindako bi delitu horiengatik 32 urteko kartzela zigorra ezarri zion gizonari. Juan Jose Ezpeleta alkateak adierazi zuenez, “gizartea gaitz horretaz kontzientziatzeko asmoz, gizonen eta emakumeen partaidetza duten programak garatzera konprometitzen da
Barrikako Udala. Politika aktiboa egingo da gazte jendeari bereziki zuzendutakoa”. Bestalde, ohiko puxika askatzea egin zen, aurten globoak patata-fekulazkoak izan dira, lehengai biodegradagarria. Argazkian, urtero bezala puxikak askatu zituzten Barrikan.