Eraikinak diseinu "abangoardista" izango du, eta "paisaian integratuta egongo da, inguru naturalean", eta forma irregular eta poliedrikoz egindako estaldura izango du. Orotara, 543 metro koadroko azalera izango du: horietatik, 215 metro koadro haur eskolak izango dituen sei ikasgeletarako erabiliko dira. Hain zuzen ere, adin-tarte bakoitzak (0-1 urte, 1-2 urte eta 2-3 urte) bi ikasgela izango ditu. Era berean, aldagela, ikasgelak banatuko dituen galeria bat, bilera aretoak, erabilera askotarako aretoa, zuzendariaren bulegoa eta zerbitzu-gunea izango ditu. Eraikinarekin batera, hego-ekialdeko kristalezko fatxadan, jolasgunea instalatuko da; egurrez, kautxuzko aglomeratuz eta zenbait material naturalez zolatutako espazioa izango da, eta, bertan, txikienek jarduera dibertigarri ugari egin ahal izango dituzte.
Bederatzi hilabete eta erdi
Hasi berri den obraren lehenengo fasean, eraikina eusteko lanak burutuko dira, hurrengo bi hilabetetan, hain zuzen ere. Horretan gauzatuko dira, besteak beste, lur, lubeta eta lursailen mugimenduak, eta zimendatzea mikropilote eta zepoz segurtatua, habe, murru eta hormatxoekin, Urdulizko Udaletik azaldu dutenez. Tokiko erakundeak enpresa desberdinetatik jasotako eskaintzak aztertu zituen eta azkenean, lana, Exisa S.A. enpresari agintzea erabaki zuen. Behin betiko esleipena gehiengoak ontzat eman zuen azaroaren 16ko ezohizko osoko bilkuran. Harrezkeroztik, enpresa esleipendunak bederatzi hilabete eta erdi ditu Haurreskola eraikitzeko.
"Berez, prozedura mugatuaren bidez eginiko lehiaketak ezarritako betearazpen epea hamar hilabetekoa zen, baina azkenean gutxitu egin da Exisa S.A. enpresak bere eskaintzan agertzen zuen hobekuntzari esker", azaldu dute udal iturriek. Horrela, 2010-2011 ikasturterako umeak hartu ahalko dira Urdulizko haur eskolan.