Huelvako (Andaluzia, Espainia) espetxean dauzkaten euskal preso politikoek bezala, Villenako presondegian (Alacant, Herrialde Katalanak) dauden gatibuek ere itxialdiari ekin diote berriro, "aurrez-aurreko bisitak egiteko senideak arakatzeko neurria salatzeko", Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bitartez jakinarazi duenez. Pol Asensio algortarra eta Arkaitz Goikoetxea getxoztarra ere badaude bertan, herritik 758 kilometrotara, beste dozena bat euskal preso politikorekin batera. Baina azken asteburuetan espetxeetan ematen ari den egoeraz salatzeaz gain, 34 gazteren azken atxiloketak gogoan izango dituzte, Etxeratek hileko azken ostiralerako deitutako mobilizazioetan. Besteak beste, Algortan, gazte independentisten askatasuna aldarrikatuko dute, 20:00etan, Telletxe plazan. Erandion, berriz, azken ostiraleko ohiko kontzentrazioaren ostean abiatuko dira manifestazioan, 20:30ean, metro geltokiko plazatik abiatuta. Argazkian, atxilotuen artean Oier Zuñiga Perez de Urabain ikasle iruindarra ere badela salatu zuten atzo Leioa eta Erandioko campusean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!