Barrikabasoren "kalifikazioa aldatzeko proposamena atzera botatzea" erabaki zuen, atzoko osoko bilkuran, Barrikako Udalbatzak; baita "indarrean dagoen araudiak zehazten duen kalifikazioaren arabera, eremua babestea" ere. Interes paisajistiko handiko tokia izanik, "babes bereziko gune" izendatua du Eusko Jaurlaritzak Barrikabaso; hortaz, ezin da lurrotan eraiki. Badirudi, beraz, inguruan 116 etxebizitza altxatzeko egitasmoa alde batera utzi duela EAJk, Txipio Bai elkarte naturalistak eskatu bezala. Dagoeneko, azaroaren 17ko ezohiko udal batzarrean, proiektu hori jasotzen zuen
Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aurrerakina baztertzea erabaki zuen Udalbatzak. "Udalerriko kostalde osoa babesteko HAPOn jaso beharreko asmoa, gainontzeko hiri antolamendutako agirietan sartzea" ere jasotzen du EAJk atzo urgentziaz aurkeztutako proposamenak. Lau zinegotzi jelkideek eman zuten aldeko botoa eta udal batzarrera aurkeztutako EA, PSE-EE eta PPren ordezkari banak abstenitu egin zen. Dena den, EAJren Udal Gobernuak ez zuen ezertxo ere aipatu, Muriola eta San Telmon, Espainiako Auzitegi Gorenak "legez kanpokotzat" jotako 14 txaletak antolamendutik at izendatzeaz; Txipio Baik horiek botatzea ez eskatzeko "ezin utzizko" eskaeratzat hartu arren. Argazkian, Auzitegi Gorenak legez kanpo jotako txaletak / ©
Barrikako EA.