Gazte Abertzaleak erakundeak irmoki errefusatu ditu NNGG eta JSE-Egazek EGKri buruz egin dituzten akusazioak eta “haur txikiek hartzen dituzten purrustaden antzeko jarrera” hartu dutela azpimarratu du gazte erakunde independentistak. GAren aburuz “NNGG eta JSE-Egaz beraien alderdi nagusiek, PPk eta PSEk, duten elkarketa horri atxikitu dira, euskal gazteei euren espainiar nazionalismoaren oinarriak inposatu nahian”. Gazte Abertzaleek bere "babes osoa" erakutsi dio EGKk herenegun atera zuen jakinarazpenari, "atxiloketen aurrean egin beharrekoa baitzen, beti ere giza eskubide ororen defentsa oinarritzat izanik, atxiloketen arrazoi nagusia gazte talde batean parte hartzearena izan zenean". EGK-k herenegun kaleratutako prentsa oharrean ez bezala, PPko eta PSE-EEko gazteriek ez dute "dudarik" polizia operazioren helburuari buruz. Horren harira, aukera aprobetxatu nahi izan dute, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak eta Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak bezala, Espainiako Segurtasun Indarrei zorionak emateko, "ETAri indarra kentzen eta hura deslegitimatzen lagundu dutelako" astearteko polizia operazioan.
Lehen, katua eta sagua bezala
Espainiako Auzitegi Nazionalak Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeak legez kanpo utzi zituenean ere horren aurka azaldu zen Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak. Gauzak horrela, oraingo honetan, "EGKren iritzia ez du zertan desberdina izan behar. Beraz, NNGG eta JSE-Egazen jarrerak ez du sostengurik", Gazte Abertzaleen aburuz, “Beste ikuskizun lotsagarri baten aurrean gaude. Agerian gelditzen da berriz ere espainiar diren bi gaztediek beraien alderdi nagusietatik helarazi dizkieten estrategien jarraipen zorrotza egiten dutela eta gazte erakunde hauek duten autonomi eskasa oso argi gelditzen da. Harriduraz bizitzen ari gara GAtik katua eta sagua bezala ibili diren bi gaztedien arteko hartu emanen hobetzeaz!", azpimarratu dute GAko kideek.
Eusko Alkartasuneko gaztediak NNGGeri eta JS-Egazi argitu nahi izan die ez dutela onartuko EGKri eginiko "inongo mehatxurik ez eta hertzaperik" eta bi erakundeei “argiago hitzegin dezatela eta dituzten asmoak argi ditzatela” eskatu die. Zentzu honetan, erakunde independentistak PP eta PSEko gaztediei eskatu die azal dezaten "ea beraien asmoen artean Eusko Jaurlaritza erabiltzea dagoen EGK bere zerbitzuetara izan nahi duten txntxongiloa bihurtzeko". Azkenik, GAk bi erakundeen jarrera gaitzetsi du “zeinak ez diren jabetu Euskal Autonomi Erkidegoan dagoen espainiar gutxiengoaren ordezkari soilak direla eta gizartearen berezko izaera ez duela inolako Alderdi Legerik aldatuko”.