Txirrindulari profesional ezaguna izandakoa da, baina 2001eko otsailaren 15ean, auto gidari batek bera eta bere anaia zapaldu zituen Malagako errepide batean. Javierri garun-paralisia eragin zion, Ricardo anaia hil zen bitartean. Auto gidariak 1.800 euroko isuna besterik ez zuen ordaindu behar izan, epaiketaren ostean. Baina tragedian ito gabe, Javier Otxoak eutsi zion txirrindularitzari eta istriputik ahal den neurrian osatu zenetik hona hainbat sari irabazi ditu, Paralinpiar Jokoetan urrezko dominak tartean. Udalerriro Punta Galea txirrindularitza taldeak Javier Otxoa Klasika antolatzen du. San Inazio egunean, berriz, ospatzen den Getxoko Zirkuitua Ricardo Otxoa zenari dedikatzen diote.
Oraingo honetan, Otxoak berak onartu du, Grial auzia dela eta atxilotutako Walter Viru garai bateko Kelmeko medikua ezagutzen zuela. "Lau bider egon nintzen bere kontsultategian esfortzu probak egiten, beste profesional eta kirolzale asko bezala", aipatu zuenez. Hala ere, "ez nago atxilotuta dopin auzi honetan, eta ez naiz egongo", gaineratu zuen berangoztarrak. "As"-en arabera, Vicente Natividad Javier Otxoaren prestatzailea ere atxilotuta egongo litzateke. Berri agentzia batzuen arabera, txirrindulari paraolinpiarrak epaileen aurrean deklaratu zuen atzo.