Aurten honako egile hauek egongo dira Getxon: Michael Golden, Gene Ha, Arthur Suydam, Paco Roca (atzo bertan Komiki Sari Nazionala jaso zuena), Luis Duran, Salvador Larroca, Paco Roca, Tony Sandoval, Miguel Angel Gallardo, Jason, Ramon Boldu, Victor Santos, Eli Basanta eta Carlos Gimenez, besteak beste. Azken horri, Carlos Gimenezi, "Paracuellos" eta "Los profesionales" lan ospetsuen egileari, omenaldia egingo zaio. “Ipurbeltz” aldizkariari ere omenaldia eskainiko zaio , hiru hamarkadetan zehar haur eta gazteentzako euskal komikia bultzatu izanagatik.
Erakusketa eta aurkezpenak
Ohikoa denez, erakusketa garrantzitsuak izango dira azokan. Zazpigarren ekitaldi honetan egile ospetsuen lanaren inguruko erakusketak egongo dira. Horrela, Areetako Xake plazako karpan Carlos Gimenez, Victor Santosen (aurtengo azokaren kartelaren egilea) eta Victoria Frances ilustratzailearen lanak egongo dira ikusgai. Azkenik, "Ipurbeltz" euskal komiki aldizkariaren inguruko erakusketa ere egongo da bertan. Mangaren gunean, berriz, Ikebana (ekialdeko lore apainketaren artea) eta Japoniako antzinako jostailuen erakusketak egongo dira. Azkenik, Euskal Ilustratzaile Elkarte Profesionalaren eskutik (EIEP) "El Balanzin" aldizkariaren erakusketa egongo da. Halaber, elkarte horren egileek beren lanak erakutsiko dituzte Getxoko zenbati aretoetan.
Argitaletxeen eta egileen nobedadeen aurkezpenak ez dira faltako azokan. Eta ezin ahaztu hitzaldi eta mahai-inguruez, egunero izango baitira ekitaldi aretoan, baita proiekzioak ere, asko zikloetan bilduta. Izan multimediako lanak, izan animazioak, film laburrak, dokumentalak edo animeak, ikusleek komiki munduarekin loturiko zineaz gozatzeko aukera izango dute.