Pasa den asteartean Espainiako Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak
atxilotutako 34 gazteetatik 13 pasatu dira gaur, osteguna, epailearen aurretik. Auzitegi Nazionaleko iturriak aipatuz Espainiako albiste-agentziek jakinarazi dutenez, hamahirurentzat espetxea eskatu du Luis Barroso fiskalak, ustez Segiko kideak eta beraz "gaizkile taldeko kideak" izateagatik. Fernando Grande Marlaska epaileak gazteak inkomunikazio egoeran galdekatu ditu eta agentzien arabera guztiek ukatu dute Segiko partaideak izatea. Dena den, epaileak 11 gazte espetxera bidali eta beste bi kalean utzi ditu hainbat baldintza tarteko.
Gara.net-en arabera, espetxeratuak Haritz Petralanda, Itsaso Torregrosa, Jon Ziriza, Amaia Elkano, Mikel Eskiroz, Jon Liguerzana, Bittor Gonzalez, Goizane Pinedo, Mikel Ayestaran, Oier Ibarguren eta Eñaut Aiartzaguena izan dira. Bestalde, polizien menpe hiru egun inkomunikatuta pasatu ondoren askatasunean utzi dituztena. Oihane Fernandez Iturri eta Raul Iriarte Rodrigo 26 eta 23 urteko nafarrak dira kalean daudenak. Halere, biei talde armatuari laguntza ematea egotzi die Marlaskak eta astero epailearen aurrean agertu eta bizilekuaren berri eman beharko dute. Bestalde ezin izango dituzte Espainiako mugak gainditu. Falta diren atxilotuak bihar eta etzi galdekatuko ei ditu Grande Marlaskak. Argazkian, Auzitegi Nazionaleko artxiboko irudia / cc-by
Roberto Garcia.