Historian zehar inperioen ohiko jardunbidea izan da herri "urduriei" bahituak berme moduan eskatzea. Armadek lurralde "ez-normalizatuak" igarotzen zituztenean, atzeko aldean jartzen zituzten bahituak, soldadu gehienak igarotzea ziurtatzeko. Altabizkarreko ihintzak dio sekula ez zela kasualitatea izan, 778ko abuztuan, frankoen armadaren atzealdeari eraso egin izana. Sekula ez baitio herri batek beste bati 34 gazte eramaten utzi. Batak bestearen etorkizunaren jabetza sinbolizatzeaz gain, lehen ez zegoelako lo egiteko pilularik. Eta lorik egiten ez duena, hil egiten da.
Pozoituta dago egunero ahulago eta berriz jaiotzear den eguzki zahar hau. Odol hotzaren sasoia da, azaroa, hazia ereiteko aroa, ernatze guztietan legez, iluntasun aroa. Lehenengo aldiz urteetan, jendea hazia ereiten ikusten dut. Batzuek Altsasun, besteek Ean, hangoak isilik, hemengoak erne... Baina nik Esperantzaren Frontoian –Oteiza beti gurekin– entzun nituen hitzetan sinetsi nahi dut: "lehenengo entzungor egiten dizute, gero barre egiten dizute, ondoren eraso egiten dizute eta orduan irabazten duzu".
Mila udaberri negutu zaizkigu herri honetan, beraiekin energia izugarria zurrupatu digutenak. Historiaren gai-jartzaileak gure izena esan du; galdu ala irabazi, guztia jokatzeko unea da.
Fredi Paya bertsolari algortarrak gaur "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua.