Bitartean, Aiboako metro geltokiraino hurbildu da Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia, "erasoaren ondorioak lehen eskutik ezagutzeko". Berak ere gpgor gaitzetsi ditu Algorta eta Markinako gertaerak. Bilbaoren arabera, "gizarteak Metro Bilbao eta Bizkaibus zaindu eta balioesten duen bitartean, gutxi batzuek, bolbora eta gasolinaren 'aberriaren salbatzaile' hauek inguruan daukaten guztia suntsitzen aritzen dira". "Markinan autobusa erre zein Aiboako metro geltokia txikitu duten horiei gutxi axola zaizkie guztien ongia, jendearen beharrak edota elkarbizitza. Gure mespretxua, gaitzespena eta Legearen ezarpena baino ez dute merezi", gaineratu du Bizkaiko ahaldun nagusiak.
Anton Danborenea Bizkaiko PPko presidenteak ere prentsa oharra zabaldu du, erasoak gaitzesteko. "Indarkeria zaleak erasotzen eta suntsitzen ibiltzen diren artean, beste behin ere, ekintzok gaitzestea eta Justiziak haien aurka egin dezala itxarotea baino ez zaigu geratzen demokratei, ahalik eta lasterren kartzelan amaitu daitezen", adierazi du Danboreneak. Gauzak horrela, "segurtasun kamerek gaizkileak grabatu izana" espero du Bizkaiko popularren buruak, "identifika eta atxilo ditzaten laster". Halaber, "atxilotzen dituztenean, kalteak euren poltsikotik edo, adin txikiak badira, haien gurasoek" ordain ditzatela eskatu du Danboreneak.