PSOEren ezinaren adierazle dugu errepresioaren erabilpen itsuaren mozkorraldi hau. Muga eta araurik ez duen estrategia errepresiboa jarri dute abian, adibideak zenbatu ezinak direlarik: legez kanporatzearen estrategia muturrera eramanez, Ion Anzaren desagerpena, presoen aurkako erasoak, gazte ezberdinen bahiketak, sarekadak...
Errepresio guzti honen erdigunean gazteria, gazteria antolatua eta borrokalaria. Askapen borrokaren oxigenoa eta beronen etorkizunaren berme izanik, behin eta berriro kolpatua. Eten gabe kolpatua, baina etengabe jaikia. Lehenengo Jarrai eta Haika, gero Segi, eta orain zer legaz kanporatu ez dutenean tamaina honetako operazioak egin behar geldiezina den mugimendu batekin bukatzen saiatzeko.
Azken polizia operazio honen atzetik, pozik eta irribarretsu agertu zaizkigu eskuak odolez zikindurik dituzten PSOEren agintariak, GALen oinordekoak. Rubalcaba, Ares edota Lopez jauna harro azaldu dira, operazio honen bitartez Segiren zuzendaritza desegin dutela aipatuz. Baina... ez al zarete konturatu dagoeneko Segi Euskal Herriaren luze zabalean barreiatuta eta txertatuta dagoen errealitate bat dela? Ez al zarete konturatu gure zuzendaritza gazteria bera dela eta operazioak operazio gazteriak herriz herri independentzia eta sozialismoaren alde antolatzen eta borrokatzen jarraituko duela? Gauzak argi ditugu. Orain dela 30 urte sortu ginenetik hona gure apustua herri honen independentzia erdietsi eta eredu sozialistan oinarrituriko herria eraikitzea izan da.
Ondorioz, herriz herri eta auzoz auzo, gazte mugimendu iraultzaile eta oro har gazteriarekin batera, askapen borrokak behar izan dituen pausuak ematen joan gara.
Orain, gainera, askapen borroka fase berri batean sartua delarik, ezinbestekoa ikusten dugu gazteriaren ekarpena. Alde batetik, gure herri eta auzoetan independentista sentitzen garen gazteok batu eta geure ibilbidea egiten has gaitezen. Baina horrekin batera, gazte mugimendu iraultzailean parte hartuz, gazte asanbladetan lan eginez, herri aldizkarietan, bestelako jai ereduen alde, ikastetxeetan edota behar den leku guztietan independentzia egunez egun eraikitzeko konpromisoa hartzen dugu.