Itzubaltzeta / Romoko Branka kultur elkarteko egoitzan sartu, hainbat dirua lapurtu eta gela ezberdinak arakatu dituzte gaur goizaldean hainbat ezezagunek. Gertaera goizaldeko 6ak aldera jazo da, Brankak Ezekiel Agirre kalean duen taberna eta egoitzan. Lapurrek etxeko murrua eta hesia gainditu eta barne patioko atea bortxatuz Brankara sartu egin dira. Gerora, elkarteak salgai dituen DVD, liburu eta arropako zein tabernako dirua lapurtu egin dute, hainbat gauza lurrera botaz. Goiko solairura ere igo dira, eta hainbat armairutan miatu dute, Brankako kideen esanetan. Bitartean, balio handiko telebista eta beste material elektronikoak bertan utzi dituzte lapurrek. Gauzak horrela, ezker abertzaleko elkarteko partaideek ez dute lapurretaren inguruan inolako hipotesirik baztertzen. Gainera, gaizkileek egindako zaratak auzokideak esnatu ditu eta horien arabera lapurrek 45 bat minutu eman dute tabernan. Auzokideek beraiek gertatzen ari zeneko abisua eman diete Getxoko Udaltzaingoari eta Ertzaintzari baina poliziak ez dira herriko tabernaraino hurbildu ere egin. Argazkian, elkarteak 2005ean ospatu zuen 25. urteurrena.