Galder Bilbao “Txapi” 2003ko urriaren 8an atxilotu zuten Getxon. Egun horretan, 34 pertsona atxilotu zituzten (Berria.info), 29 Garzonen aginduz eta bost Le Verten aginduz. Espainiako Poliziak esan zuen atxilotutakoak ETAren "kaptazio aparatuaren" kideak zirela, AAMk azaldu duenez. Hurrengo egunetan haietako hainbat libre geldituko ziren (Berria.info). Atxilotutakoek tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten. Epaituko dituzten beste batzuk, aldiz, 2003ko azaroaren 18an atxilotu zituzten. Egun horretan, 13 herritar atxilotu zituzten (Berria.info), beste sarekada “prebentibo” batean. Orotara, 2003 eta 2005 artean, 131 herritar atxilotu zituzten "kaptazio aparatukoak" zirelakoan, Ibon Fernandez Iradi "Susper"-ri ustez aurkitutako paperetan oinarrituta.
Txapi 2006ko ekainaren 26an kaleratu zen, 30.000 euroko fidantza ordainduta. Algortarrarekin batera sarekada berean atxilotutakoak ere kaleratu ziren: Regina Maiztegi, Karlos Martin, Zugaitz Izagirre, Maider Egiguren, Goizeder Anton, Ikerne Indakoetxea, Garikoitz Mendioroz, Ramon Lopez, Jugatx Duñabeitia, Iker Casanova, Arantza Martin eta Jabier Gil.
Beste epaiketa bat
Beste alde batetik, Galder Bilbaok beste epaiketa bat eduki zuen 2004ko ekainean. Getxoko PPko zinegotzi Marisa Arrueri 1999an bidali zizkioten "Euskal Presoak Euskal Herrira" lemako postaletako bat berak bidali zuela leporatu zioten. "Poliziak esan zuen bere hatz marka topatu zutela gutun-azalean. Txapik ukatu zuen berak karta hori bidali zuenik. Gainera idatzitako testuaren kaligrafia ez zen berea. Izan ere, karta horiek kanpaina baten barruan bidali ziren, eta kalean egon ziren jarrita mahaietan, jendeak bidaltzeko", azaldu du Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Bi urteko espetxe zigorra sartu zioten. Algortako beste gazte bat ere zigortu egin dute akusazio horregatik. 2005eko maiatzean, berriz, Auzitegi Gorenak absolbitu egin zuen Txapi “delitu” honetaz, epaitu zutenerako preskribituta zegoelako argudioarekin.