Ostiraleko osoko bilkuran onartu zuen aho batez Erandioko Udalbatzak, "botere publikoak, Josu Murueta eta Anton Fernandez Frankismoaren biktima gisara onar ditzatela premiatzea". 1969ko kutsaduraren kontrako manifestazioen harira, gogor egin zuen Francoren poliziak manifestarien aurka, eta bi lagunak hil eta zauritu ugari eragin zituen. EAJ, PSE-EE eta PPko zinegotziek babestutako akordioaren bitartez, Muruetari eta Fernandezi, "Memoria Historikoaren Legeak aurreikusten dituen eskubideak" aintzat har dakizkiela eskatuko dute. Horretaz gain, "legediak zehazten dituen laguntzak eskatzeko egin beharreko izapideetan familiarrekin lan egitera" konprometitu dira tokiko agintariak; baita bi erandioztarrak oroitzeko plakak "ahalik eta lasterren konpontzera" ere. Hala ere, mozioarekin ez datoz bat Muruetaren eta Fernandezen senideek, "ez duelako espresuki gertaerak ikertzea eta erantzukizunak argitzea eskatzen". Argazkian, erandioztar bien senideak
urriaren 31n egin zieten omenaldian / ©
Ahaztuak 1936-1977.