Arratsaldez ere ez da animaziorik faltako. 19:30ean hasiko dira ekitaldiak: musika eta dantza emanaldiak izango dira. Besteak beste, Julio Ibarrak egingo du ekitaldiaren aurkezpena eta Barinatxe taldeak txistu kontzertua emango du. Ondoren, piano doinuak eta ahotsa uztartuko dituzte Maite Aranguren piano joleak zein Garbiñe Abendaño eta Maite Ojanguren sopranoek. Ander Blascok, bere aldetik, eskusoinuaz alaituko du emanaldia. Musika ikuskizunen ostean, Ikerne Goikoetxeraen emanaldiaren txanda izango da. Ondoren, Sopelana Bibolin hirukoteak joko du. Alurr dantza taldeak bere ikuskizuna taularatuko du biolin hirukoaren gibeletik. Musika emanaldi, ikuskizun eta dantzaldi horiek guztien ostean emango zaio amaiera ekitaldiari.
Zerbitzu ugari bertan
Kurtzio kultur etxeak ekimen ugari hartu eta hainbat programa jarriko ditu abian, udal iturriek adierazi dutenez. Besteak beste, Kzgunea, Gazte Informazio Bulegoa, eta Kultura zein Kirol sailak bertan dira lanean, egun. Margogintza aretoa eta erabilera anitzetarako gelak ere martxan dira dagoeneko. Areto nagusian ere zenbait ekintza, aurkezpen eta prentsaurreko egin dira orain arte. Hemendik aurrera, dantza, musika, antzerkia eta abar luzeaz gozatzeko aukera emango du areto horrek. Bestalde, Kurtzio kultur etxeak herritarrei zuzendutako ekipamendu zabala du, hala nola, Txikigunea (2 eta 4 urte arteko haurrentzat), Ludoteka (4 eta 12 urte bitartekoentzat) eta Gaztelekua (13 eta 18 urte bitarteko gazte eta nerabeentzat).