Karmele jaio idazle gazteiztarra izango da bihar Kultur Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko aza. 30a, 19:31

Bihar, asteartea, abenduak 1, Karmele Jaio idazle gasteiztarrak bi hitzaldi eskainiko ditu Kultur Leioako liburutegian. Jaiok "Musika airean" bere bigarren eleberria kaleratu berri badu ere, hitzaldietan "Las manos de mi madre" espainolera bikoiztutako bere nobela bakarraz arituko da espainolez, Isa Castillok gidatzen duen Tertulias Literarias ekimenaren barruan. Ohi bezala bi taldetan egingo dute saioa eta beraz, lehenengo taldea 17:30ean izango du idazlea entzuteko parada. Bigarren taldea, berriz, 19:15ean. Bi hitzaldiak Kultur Leioako laugarren solairuko hitzaldi aretoan izango dira eta edonor joan daiteke, sarrera irekia baita. "Amaren eskuak" eleberriarekin Igartza Sariaren VII. edizioa irabazi zuen Jaiok 2004an eta bi urte beranduago kaleratu zuen liburua. Argazkia: © Euskal Idazleen Elkartea.

"Amaren eskuak" liburuaren sinopsia:

Nereak 35-40 urte ditu; noizbait maite izandako lana baina egun estresaturik daukana, egunkari batean; senar jator eta alaba zoragarria, zeinei ez dien eskaintzen behar luketen arretarik; eta istorio bat iraganean, oroimenetik erauzi nahi lukeena; eta ama ospitaleko ohean lo, inoiz esnatuko den jakin ezinik.

Amaren historia ezkutuak jakingo ditu Nereak erietxean, eta horren haritik ohartuko da zenbateraino izan daitezkeen ezezagunak geure ondoan dauzkagunak, eta, aldi berean, zenbateraino izan litezkeen berdinak belaunaldi biren arazo eta kezkak, nahiz eta garaiak eta bizimoduak asko aldatu.

Bizinahiaren aldeko aldarrikapena dakarkigu eleberri eder eta hunkigarri honek, bazter guztiak zipriztintzen eta blaitzen dituen itsasoaren enbatak bezala.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun