Bizkaiko Foru Aldundiak Giza Art deritzon argazki-erakusketa jarriko du abian bihar, asteartea, Mungian. Martxoaren 30era bitartean, sei herritan zehar ibiliko da ekimena: Leioak martxoaren 4tik 13ra hartuko du. Erakusketa Hibai Agorria argazkilari profesionalaren 20 irudik osatzen dute, eta bere helburua da "bizkaitar guztiak ohartaraztea emigrazioaren fenomenoaz", foru iturriek adierazi dutenez. Horrez gainera, “Emakumeek ekonomiari egindako ekarpena” izenburua duen ekimenak emakume etorkinek diharduten lan-eremuak nabarmendu nahi ditu: "alde batetik, salatu nahi du beti lan berdinetan sailkatzen dituztela; eta bestetik, agerian jarri nahi du zaintza-lanez eta etxeko lanez gain jarduten dutela beste lan-eremu batzuetan ere", azaldu dute antolatzaileek. Hori dela eta, erakusketak bi alde ezberdin ditu: produkzioaren arloa eta erreprodukzioarena. Argazkian, Giza Art erakusketaren argazkietako bat / © Bizkaia.net.