Erandioko PPko bozeramaileak aipatu duenez, "egoera ez da berria, asko dira laguntzarik gabe gelditu diren auzokideak, aurrekonturik ez zegoelako". Hala ere, diru kopuru hori handitzeko eskaerak "behin eta berriz atzera bota ditu EAJk", Ruizen arabera. Tokiko popularren ordezkariaren hitzetan, "orain gutxi mozioa aurkeztu zuen PPk, diru nahikorik ez balego, laguntzak Udalak berak osatzeko" eskatuz, tokiko erakundearen "eskuduntza ez" direla aitortu arren. "Bai EAJk, bai PSE-EEk, proposamenari uko egin zioten", kritikatu du Ruizek. Baina, Erandioko PPko bozeramaileak ez du aipatu popularrek eta jelkideek euren botoak batu egin zituztela, "gizarte larrialdietako laguntza guztiak ordaintzeko beharrezko diru partida" eskatzeko Eusko Jaurlaritzari.
Orain arte 708 eskaera tramitatu ditu -2008an 614 izan ziren- Erandioko Udalak, Saioa Ochoa de Alda Gizarte Ekintza zinegotziak emandako datuen arabera. Horietatik 686 onartu zituzten eta 22 atzera bota, "baldintzak ez betetzeagatik".