Gazteentzako ekimenak ere ez dira faltako. Izena emateko epe zabalagoaz gain, "bideotuning" ikastaroan parte hartu ahal izango dute 1991tik 1996ra arteko neska-mutilek. Txapelketa egin eta lan onenari Oskar saria emanez amaituko da hori. Eskolak hilaren 24tik 31ra emango dira. Gainera, Ken Zazpik abenduaren 23an Bilboko Arriaga antzokian eskainiko duen kontzertura joateko aukera izango dute gazteek. Horretarako, Berangoko kultur aretoetan izena eman beharko dute, hilaren 11tik 18ra. Barakaldoko BECeko Gabonetako Umeentzako Parkerako (GUP) txangoa zein Errege Magoen kotilioi ere ez dira faltako Gabonetako programazio berezian. Azken hori, 1997 eta 2006 urte artean jaiotakoentzat izango da bakarrik.
Olentzero
Berangoko kultur aretoek antolatutakoez gain, ekitaldi askoz gehiago egongo dira Gabonetan. Beste egitarau berezi horrek abenduaren 22an izango du abiapuntua, Impromptu taldearen eta Naroa Intxausti sopranoaren musika emanaldiarekin, Berangoetan. Johannes Brahms konpositorearen lanak eskainiko dituzte errezitaldian, 19:00etatik aurrera. Hilaren 24an, berriz, Olentzero izango da protagonista. Hala ere, eguerdian hasiko dira ekitaldiak, Tor magoaren erakustaldiarekin, Berangoetan. Aipatu kultur aretotik irtengo da ikazkin ezaguna buru izango duen segizioa, 18:30ean, frontoiraino. Bertan egingo diote harrera. Gainera, Olentzeroren jatorria zein den jendeari erakusteko antzezpena ere egingo dute pilotalekuan.
Gabonetako Umeentzako Parkea abenduaren 26an jarriko dute Berangoko frontoian. Bertan, besteak beste, ludoteka, puzgarriak, zezen mekanikoa eta motorren zirkuitua izango dira. Horretaz gain, hainbat tailer egongo dira, 12:00etatik 14:30era eta 16:30etik 19:00etara. Giroa alaitzeko, berriz, Poco Pico taldeak eskainiko du dantzaldia, 19:30ean; "Erase una vez el circo" ikuskizuna, hain zuzen ere. Gainera, hurrengo egunean (hilak 27) ere irekiko ditu ateak Gabonetako Umeentzako Parkeak. Egun horretan, Zirika Zirkusek eskainiko du emanaldia, 19:30ean. Bitartean, astelehenean, hilak 28, txotxongiloak izango dira: "Txerriketan-Berriketan" antzezlana eskainiko du Kixka taldeak, 18:00etan, Berangoetan.
Abenduaren 29an, berriz, Gabonetako Gazteentzako Parkea zabalduko dute. Arratsaldez, 18:00etatik 21:00etara, eskalada-murruaz, arku-tiroaz, bideo-jokoez edota frontoian jarriko duten pantaila erraldoiaz gozatzeko aukera izango dute gazteek. Bestalde, Pitxin eta Potxin pailazoak Berangoetan izango dira, 18:00etan. Nagusientzako, berriz, Edgard Grieg konpositorearen musika eskainiko du Impromptu taldeak, 19:00etan, Jubilatuen Etxean. Hilaren 30ean, Sambhu Teatro taldeari helduko zaio txanda: "Bihotzez" haurrentzako antzezlana eskainiko dute, 18:00etatik aurrera.
Errege Magoak
Ekitaldiek urtarrilaren 2an eta 3an izango dute jarraipena, Gabonetako Umeentzako Parkea berriro zabalduz. Egun horietan, surf taula eta bestelako atrakzioak, bizikletak eta puzgarriak izango dira frontoian. Hilaren 4an, berriz, Barakaldoko BECeko GUPera egingo dute bisita, 9:30etik 18:30era. Azkenik, Errege Magoen kabalgatak itxiko du, urtarrilaren 5ean, Gabonetako egitaraua Berangon. Ekialdeko Erregeak kultur etxetik frontoira joango dira, segizioarekin batera, 19:30ean. Bertan, harrera egin eta txokolatada izango da guztientzat.