Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Batasuna, EHAK eta EAE-ANVren kontrako sumarioa itxitzat eman du (itxiera autoa espainolez, pdf formatuan), gaur, albiste agentzia espainolek jakinarazi dutenez. Zigor arloko bigarren salaren esku utzi du prozesua eta horrek epaiketa egin ala ez erabaki beharko du. Guztira, 43 auzipetu daude, ETAko kide direla leporatuta. Horien artean, Algortan jaio eta Errigoitin bizi zen Marije Fullaondo Batasuneko mahai nazionaleko kide izandakoa ere badago. Garzon epaileak berak agindu zuen 2007ko abenduaren 18an Fullaondo espetxeratzea. Gainera, orain gutxi, espetxez aldatu dute. Azaroaren hasieran, Asturias aldeko Villabonako espetxetik atera eta egun batzuk Soto del Realen (Madril, Espainia) egin ondoren, orain Castellon I espetxean dago, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak zehaztu duenez. Bihar da bere urtebetetzea. Argazkian, Marije Fullaondo.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!