Gauzak horrela, bandak "ahots melodikoa, erritmo dantzagarriak eta sinpletasuna" nortasun gisa aldarrikatzen ditu. Filosofia eta ideologiari dagokienez, "Euskal Herriko errealitatean kokatuak, bidegabekerien salaketak eta inposatutako sistemaren aldaketarako grinak" gidatzen dituela diote taldekideek. Izan ere, "Euskal Herriko musika mugimenduan kritikoki eragiteko jaiotako taldetzat" jotzen dute Siroka. Horren guztiorren adibide bat da taldeak abenduaren 5ean gazte mugimenduko lagunen atxiloketak salatzeko Durangon deitutako manifestazioarekin bat egin izana.
"Haize Berriak" lana salgai izango da Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan, hiru eurotan, MusikHerriaren saltokian, Barrenkale 56an. Dena den, pendrive-ren bat eramanez gero doan kopiatu ahal izango da, MusikHerriako beste edozein disko bezala. Gainera, MusikHerriaren webgunean eta Sirokaren bitakoran eta Myspace-ko gunean, entzun eta jaisteko aukera izango da. Zuzenean entzuteko berriz, otsailera arte edo itxaron beharko da.
MusikHerriaren nobedadeak
Aurreko urteotan Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren inguruan sustatutako jarrera kritikoari jarraipena emanez, aurten MusikHerria Ahotsenea sortzaileen ekimenarekin bat egin du. Horren emaitza, bi aurkezpen egingo dituzte abenduaren 6an, igandearekin. Arratsaldeko 4etan, Zein da Zein? eta Sirokak aurkezpena egin eta zaleekin izango dira. 18:30ean, berriz, Anger talde arrasatearraren txanda izango da. Baina, nobedadeen kopurua askoz luzeagoa da. Hona hemen zerrenda txiki bat:
• Junzai Txetxeraren "Ihesi".
• Sahara eta Euskal Herriko hainbat musikarien "Hurria (askatasuna). Bi herri, irrintzi bat!".
• Olaz Blairen "Izate ustela".
• Angerren "Sedukzioaz".
• 121 Krew-en "Guztiok bat... euskal rap!".
• Sirokaren "Haize berriak".
• Zein da Zein? taldearen "Zein da Zein?".
• Balmasedako Ekintza Gazte Asanbladaren "Zubiak apurtzen".
• Eta, jakina, 2009an zehar zein aurreko urteetan editatutako disko guztiak.
"Iraultza sirokoak" abestiaren bideoa: