Euskal preso politikoen eskubideen aldeko manifestua:
Une honetan espainiar nahiz frantziar espetxeetan euskal preso politikoek bizi duten egoeraren aurrean benetako kezka agertu nahi dugu:
- Gaixotasun larriak dituzten euskal preso politikoak espetxean mantentzen dituzte. Minbizia edo gaixotasun psikologiko larriak dituzten presoak espetxean mantentzea oinarrizko giza eskubideen aurkako neurria da zalantzarik gabe.
- Zigorra betea duten euskal preso politikoak espetxean mantentzen dituzte. 20 urteko espetxe zigorra osorik bete duen preso bati bere zigorra beste hamar urtez luzatzeak praktikan biziarteko espetxe zigorraren aplikazioarekin parekatu daiteke.
- Euskal preso politikoen %99 beraien etxetik ehunaka kilometrotara sakabanatuak daude. Sakabanaketa politikak presoak urruntzea eta isolatzea dakar. Honez gain, azken 20 urteotan sakabanaketa politikak hamabost hilero senide bat hil du.
- Euskal preso politikoek ikasteko eskubidea urratuta dute. Espainiar espetxeetan dauden euskal presoek debekatuta daukate EHU-UPVn ikastea, ikasketak UNEDen bidez eta gaztelaniaz burutzera behartzen dituztelarik. Frantziar kartzeletan dauden euskal preso politikoen kasuan, orain arte EHU-UPVn ikasteko aukera bazuten, ikasturte honetan ezinezkoa izango zaie ikasketekin jarraitzea.
Gaixotasun larriak dituzten eta zigorra bete duten presoen kaleratzea aldarrikatzen dugu. Ikasteko eskubidearen eta dagozkien beste eskubide guztien jabe euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzea aldarrikatzen dugu.
Azken hilabeteotan elkartasuna bera ere jazarria eta zigortua izaten ari dela ikusi dugu. Sorgin ehiza honekin amaitu eta euskal preso politikoekiko elkartasuna eta babesa erabat zilegi direla esan nahi dugu.
Aldarrikapen hauek indartzera goaz datozen hilabeteotan. Gure aldetik, garrantzia berezia eman nahi diogu abenduaren 16an Leioako campusean burutuko diren prentsaurreko eta manifestazioan zein urtarrilaren 2an Bilbon ospatuko den manifestazio nazionalean parte hartzeari.
Abenduak 16, asteazkena
11:30ean, Leioako campuseko Gizarte Zientzien fakultatean,
Prentsaurreko Masiboa eta Manifestazioa.
Urtarrilak 2, larunbata
17:30ean,
Manifestazio Nazionala.
Ikasteko eskubidearen jabe, euskal presoak Euskal Herrira!