"Itsasoaren alaba" dokumentala borondatearen truk egongo da eskura Durangoko Azokan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko abe. 2a, 14:10

Euskal Herrian zehar 30 emanalditik gora egin ostean, "Itsasoaren alaba" dokumentala Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan izango da, abenduaren 4tik 8ra, DVD polit gisa. Josu Martinezek idatzi eta zuzenduta lana, Julen Gabiria idazlea, Antton Ezeiza zinegilea eta Afrikako Sao Tome Y Principe irlan deserriratua bizi den Alfonso Etxegarai plentziarraren testu banarekin jantzitako liburuxkatxoarekin batera egongo da eskuragarri. "Berezia izango da, komertzioa egiteko gaiak ez direlakoan, azoka osoan prezioa ez daukan obra bakarra", Gizarte Ikerketarako Talde Eragileko (Gite-Ipes) kideek aipatu dutenez. Izan ere, ez dute kobratuko. Horren ordez, borondatea eskatuko dute DVDaren truke, bakoitzak ahal duena eskaini diezaien. Bildutako dirua, hurrengo filma egiteko erabiliko dute: Alfonso Etxegarai eta Kristiane Etxaluzi buruzko dokumentala, alegia. Argazkian, dokumentalaren kartela.

Julio Araluze algortarraren omenez, urte beteko beka sortzea erabaki zuen Gizarte Ikerketarako Talde Eragileak eta horren emaitza da "Itsasoaren alaba". Haize Goikoetxea da dokumentalaren protagonista. Filmean 26 urte dauzka. Ipar Euskal Herrian jaio zen. Errefuxiatu bikote baten bigarren alaba da eta urte bi bete gabe zituela, GALek Mikel Goikoetxea, "Txapela" hil zuen: bere aita. Urte guzti hauetan Haizerentzat sendatu gabeko zauri sakon bat izan da bere aitaren heriotza. Gertaera horrek bere bizitza erabat baldintzatu du, eta gainera, amarekin gaiaz hitz egitea bientzat oso gogorra izan denez beti, gauza gutxi dakizki aitari buruz.

Hona hemen Haize Goikoetxeak DVDa dela eta, propio, idatzitako lerroak. Entzun ezazu (mp3) berak irakurrita:

Iraultza txiki bat, zure borondatearen truke

Itsasoaren Alaba, oinarrian, nire behar sakon baten adierazpena zen. Aitaren bila egindako bidaia, ahanzturaren aurkako ariketa.

Aitzitik, dokumentala zabaltzeko erak, herriz herri eta auzoz auzo eramateak, Mikeli egindako bigarren omenaldi bihurtu du; Horregatik, zentzuzkoa da DVD hau, bere gorpua bezala, herriari eskaintzea.

DVD honek iraultza txiki bat, hausnarketa bat zabaldu nahi dizu: historia bat, samin eta irribarre bat, bizipen bat; baina komertziorik gabe. Itsasoaren Alaba eskaintzen dizugu eman nahi edo eman dezakezunaren truke. Zure borondateak ezarriko dio prezioa DVD honi. Prezioa baino balioa.

Zure laguntzarekin, gainera, filma burutu duen lan-taldeak memoria ariketa gehiago proposatzea posible egingo duzu. Hurrengo dokumentala bidean dator, Kristiane Etxaluz eta Alfonso Etxegarai euskal borrokalarien historia. Udaberrirako prest izango dute.

Mila esker.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun