Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak 35 gazte atzeman zituzten lehengo astean -34 asteartean eta bat larunbatean-, Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta. Haietatik 31 kartzelara bidali zituen epaileak, Segi gazte erakundekoak direlakoan "erakunde terroristako kide" izatea leporatuta. Beste laurak baldintzapean utzi zituen libre. Larunbatean milaka lagunek salatu zuten gazte independentisten aurkako sarekada (Berria.info), Bilbon egindako manifestazioan.
Atxikimendua emateko testua:
Gazte ta independentista: delitua
Gazte Mugimendua osatzen dugun eragileek egindako gogoetaz abiatuz, manifestu honen sinatzaileek aurreko asteko operazio polizial/judiziala gogor salatzeaz gain, honakoa adierazi nahi dugu:
1. Gazte Mugimenduaren aurkako operazio bezala ulertzen dugu; ikasle mugimenduan, gaztetxe eta gazte asanbladetan, mugimendu feministan, jai herrikoien aldeko mugimenduan, aisialdi alternatibo baten aldeko lanean edota etxebizitza duin baten aldeko dinamiketan lan egiten duten gazteak dira atxilotuak, beraz, ez dugu antolakunde baten kontrako operazio modura ulertzen, baizik eta Euskal Herrirako eredu alternatibo baten alde lan egiten duen Gazte Mugimendu osoaren kontrakoa.
2. Berriro ere oinarrizko Eskubide Zibil eta Politikoak zanpatuak izan dira. Euskal Herriaren aldeko lanean, proiektu guztiak dira zilegi, independentziaren aldeko lana beraz, ezin da kriminalizatua izan, asko baitira herri honen askatasunaren alde antolatzen diren gazte anitzak.
3. Gazteon kontrako erasoaldi jarraiak etetea exijitzen dugu. Gazteok gure proiektuak aurrera eramateko eskubide guztiak bermatuak izan daitezela eskatzen dugu.
4. Gazteria anitza eta zabala dauka Euskal Herriak, horregatik, batera erantzuteko deia egin nahi dugu. Honekin batera, honako konpromisoak hartzen ditugu:
- Manifestu honi atxikimenduak jasotzeko dinamika abiatu, bakoitzak dauzkan mekanismoak eskura jarriz eta ahalik eta talde edota norbanako gehiagori helduz.
- Bakoitzak bere eremutik, egoeraren gaineko gogoeta eta irakurketa plazaratzea.
- Gazte Mugimenduaren erantzun bateratua aditzera emango den prentsaurrekoan parte hartzea, hurrengo abenduaren 4ean, 12:00tan Donostiako Ibaetako campuseko ikastegian burutuko dena.
- Hurrengo abenduaren 5ean Durangon burutuko dugun manifestazio bateratura gazte mugimendua deitu, mugimendu osotu bat bezala erantzuteko deia eginez.
Ikasle Abertzaleen (IA) oharra:
Ikasleok sistema eta errepresioaren aurrean, ekin dezagun batera!
Ikasle Abertzaleak-ek iragan asteburuan Zestoan burututako Gazte Topaketetan Gazte Mugimenduak pairatutako erasoari modu bateratu batean erantzuteko dinamikaren harira hau adierazi nahi du:
Lehenik eta behin gure babes osoa adierazi nahi diegu atxilotu eta kartzelatutako gazte independentista guztiei, hala nola, beraien senide eta lagunei ere.
Azken atxiloketa hauek, espainiar eta frantziar estatuek sistema kapitalista patriarkarraren aurka lanean ari den gazte ororen aurkako eraso gisa ulertzen ditugu. Ikasleok aspaldi daramagu sistemaren inposizio ezberdinak pairatzen. Horren adibide garbia da euskal ikasleoi inposatzen dizkiguten hezkuntza sistema arrotzak. Espainol eta frantses hezteko bidean curriculum arrotzak, selektibitatea eta baxoa, euskaraz ikasteko ezintasuna pairatzen dugu hezigune guztietan. Ikasle eta abertzaleok egoera hau irauli dadin martxan jartzen ditugun borrokak etete bidean sistemak zanpatzen gaitu. Gazte sumiso eta akritikoak sortzea da sistemaren nahia. Horretarako ikasleoi dekretu atzerakoi eta autoritarioak ikastetxetan eta Bologna Prozesua bera unibertsitateetan inposatzen dizkigute. Kasu askotan errepresioa bera ere erabiliz.
Guzti honengatik eta sistemari eta errepresioari aurre egiteko asmoz, Ikasle Abertzaleak-ek Gazte Mugimenduak kaleratutako manifestuarekin bat egin eta ondorengo konpromisoak hartzen ditugu.
1. "Gazteok batera!" manifestua ikasleria osoari zabaltzeko konpromisoa hartzen dugu, hala nola, Euskal Herriko zein nazioarteko bestelako ikasle antolakundeen atxikimendua bilatuko dugu.
2. Gazte Mugimenduaren erantzun bateratua aditzera emango den prentsaurrekoan parte hartuko dugu, hurrengo abenduaren 4ean, 12.00tan Donostiako Ibaetako campuseko ikastegian.
3. Hurrengo abenduaren 5ean Durangon burutuko den manifestazio bateratuan parte hartuko dugu.
4. Honetaz gain, hezkuntza eremutik ere eraso honi erantzun behar zaiola ulertuz, datorren ostegunean, abenduak 3, Mobilizazio Eguna deitzen dugu. Ikastetxe, campus eta hiriburuetan mobilizazioak egingo ditugu "Ikasleok sistema eta errepresioaren aurrean, ekin dezagun batera!" lemapean.
Horrenbestez, azken erasoaldi honi Gazte Mugimendu osoak batera erantzuteko eta beraz, aipatutako mobilizazioetan parte hartzeko dei egiten diogu euskal ikasleria osoari.