Urtarrilean hasiko dira Getxoko saneamendu sarea zaharberritzeko lan gehienak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko abe. 2a, 20:25

Getxoko Udalak "azken hamarkadetan" saneamendu sarea zaharberritu eta hobetzeko egindako "egitasmorik handiena" abiatu du azken urte honetan. Batetik, euriteen ondorioz, Gobela errekak gainezka egiten duenean, udalerriko alderik sakonenek izaten duten uholde arriskua saihestu nahi dute. Bestetik, beste hainbat guneetan ur putzu handiak sortzea eragotziko dute lanek, udal iturrien arabera. Hoditeria berriztatzeko aparteko planak, gaur egun, 4 milioitik gora euroko inbertsioa aurreikusten du eta bertan jasotzen diren obren zatirik handiena hilabete honetan bertan, abenduan zehar, esleituko dute. Hamar bat jarduera nagusi jasotzen ditu, Itzubaltzeta / Romo, Neguri Langile, Makaleta, Maidagan, Sarrikobaso, Aldapa, Ollarretxe eta Ereaga aldeetarako. Jarduera gehienak abenduan agindu eta urtarrilean hasiko dira lanak, tokiko arduradunen esanetan. Hala ere, besteak beste, Ollarretxen proiektuaren idazkera baino ez dute agindu, oraindik. Argazkian, Gobela inguruko auzokideak errekari adi.

Imanol Landa alkateak gaur jakinarazi duenez, egitasmoaren berri eman zieten atzo auzo-elkarte eta oposizioko alderdiei, Uholdeetako Batzorde Bereziko saioan. Udal agintariaren arabera, horien erantzuna "ona" izan zen. Landaren hitzetan (mp3), “ahalegin informatiboa egin nahi izan dugu Udalak orain arte egindako lana behar bezain ondo ez baitugu azaldu, arlo teknikotik ikusita oso zaila delako”. Zentzu horretan, udal teknikariek egindako "lan garrantzitsu eta handia" eskertu du alkateak.

Saneamendu sarea eraldatzeko lanak "lehentasunezkoak" dira EAJren Udal Gobernuarentzat, Landaren arabera, "euri jasa gogorrek Neguri, Ollarretxe eta Makaletako Etorbidean eragiten dituzten arazoak konpontzeko urrats berri bat" delako. “Romo, Maidagan eta Ereaga bezalako guneetan urak gainezka ez egiteko irtenbidea" ere bada alkatearen hitzetan (mp3). Hain zuzen ere, jardueren artean nagusiena, aurrekontuari dagokionez (1.369.000 euroko), Itzubaltzetako Kresaltxu eta Santa Eugenia kaleetan egingo dute. Lanak hile honetan bertan esleituko dira, 10 hilabeteko iraupena izango dute, eta Kresaltxuko kolektore nagusia eta Santa Eugeniakoa aldatuko dituzte.

Maidagan aldean, berriz, saneamendua banatzeko sare berria egokituko da, Benta eta Azkorri artean zein Benta eta Sarrikobaso artean. Lan horiek 600.000tik gora euroko aurrekontua dute, kalea urbanizatzeko proiektu orokorraren barruan daude, eta hilabete honetan bertan esleituko dituzte. Zazpi hilabeteko iraupena izango dute obrek.

Ereagako Kaian obretan dabiltza jada, La Ola eta Igeretxe artean: hondartzan dagoen kolektorea aldatzen dihardute, bere diametroa handituz eta Portu Zaharreko hodi biltzailearekin lotuz. Helburua da, euri asko eginez gero, arketek gainezka ez egitea. Lanon aurrekontua 418.000 bat eurokoa da eta amaitzear daude.

Gobela inguruan

Besteak beste, Zarrenebarri kaleko saneamendu sarearen zaharberritze zehatza egingo da. Aurrekontua 133.000 eurokoa da, lanak hilabete honetan bertan esleituko dituzte. Bi hilabeteko iraupena izango dute.

Makaleta, Elkano, Akaziak, Udaberri eremuan, berriz, 612.000tik gora euroko inbertsioa duten lanak egingo dituzte, oro har, estolda sarea berritu eta Gobelako hodi biltzailearekin lotzeko. Lan batzuk dagoeneko agindu dituzte, beste batzuk hile honetan bertan esleituko dira, eta Udaberri eta Makaletakoa 2010ko otsailean.

Azkenik, Ollarretxen, estolda-sareak zaharberritu eta hobetuko dira eta euri-uren kolektore berria ipiniko da. Jarduera honen aurrekontua 46.000 eurokoa da eta proiektuaren idazte-fasea esleitu dute.

Jarduera guzti hauek 2010ko bukaerarako edo 2011ko hasierarako amaituta egongo direla uste dute udal arduradunek. Halaber, alkateak aurreratu du beste jardunbide batzuk 2010ko udaldian hasiko direla.

Ikusi gaurko prentsaurrekoaren bideoa:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun