Eusko Jaurlaritzako
Herrizaingo Sailak zabaldu duenez, bi pertsona zauritu dira -bata larri dago- gaur izandako beste horrenbeste trafiko istriputan. Bi ezbeharrak Erandion gertatu dira, arratsaldez. Lehenengo istripua 14:50 aldera gertatu da, Unbe parean, BI-2704 errepidean. Urdulizeko norabidean zihoazen Renault Scenic auto batek eta txirrindulari batek talka egin dute eta, kolpearen ondorioz, ziklista zauri larriekin eraman behar izan du anbulantzia batek Gurutzetako ospitalera. Bigarren ezbeharra, aurrekoaren ordu berean izan da, baina oraingo honetan, BI-735 errepidean. Errontegi zubira bidean zihoan Citroen C5 auto bat bidetik irten eta, Erandioko Aceriberreko bidegurutzean irauli egin da. Gidaria zauritu egin da eta hori ere, Gurutzetako ospitalera eraman dute. Ibilgailua bidean gurutzatuta geratu da eta ondorioz, Errontegirako sarrera itxi egin behar izan dute, erditik kentzea lortu duten arte. Sortu diren auto pilaketak direla medio, Ertzaintza trafikoa bideratzen aritu da. Argazkian, Ertzaintzaren trafiko kontrola.