Bizkaiko Garraio Partzuergoa (BGP) aurrera darrai Getxo aldeko Maidagan kaleko trenbide-pasagunea kentzeko lanekin. Asteburu luze honetan, gurutze-trabes berria (trenbide-gurutze bikoitza) jarriko dute Bidezabalgo geltokiaren ondoan. Abenduaren 5etik 8ra, Algorta eta Larrabasterrako geralekuen artean zerbitzua etetea ekarriko dute lanek,
Metro Bilbao garraio enpresak jakinarazi duenez. Trenen ordez autobusak jarriko dituzte,
ordutegi eta maiztasun berberekin (pdf). "Aurrekoetan bezala, bezeroei ahalik eta endredorik gutxien eragingo zaielakoan hautatu dira egun horiek, jai-zubi hori urteko bidaiaririk gutxien ibiltzen den sasoietako bat denez gero", aipatu dutenez. Argazkian, 2008ko bukaeran Metro Bilbaok bulegoa paratu zuen Algortako Bidezabalgo plazan, bertan herritarrei Maidagango pasonibelako lanei eta Getxon egitekoa den geltoki berriari buruzko informazioa emateko.