Ertzaintzak 41 urteko gizona atxilotu zuen atzo, Getxo udalerrian, genero indarkeria eta askatasun sexualaren aurkako delituak egotzita. Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak zabaldu duenez, gizonezkoak tratu txarrak eman zizkiola eta harreman sexualak izatera behartu zuela salatu du bere emazteak. Polizia iturriek emandako datuen arabera, atzo, arratsaldeko bost eta erdiak aldera, emakumezko batek 112 SOS Deiak-era dei egin zuen Ertzaintzaren laguntza eskatuz; bere bikotekideak fisikoki eta sexualki eraso egin omen zion. Agenteak Areetan, kale erdian, bildu ziren ustezko biktimarekin. Horrek adierazi zien, goizez, etxean zeudela, bere senarrak kolpatu egin zuela eta, bere gogoaren aurka, harreman sexualak izatera behartu zuela. Adierazpen horien aurrean, Gurutzetako ospitalera eraman zuten emakumea ertzainek, bertan artatua izan zedin. Senarrarengandik tratu txarrak jasaten urteak zeramatzala ere aipatu zien emakumezkoak. Ustezko erasotzailea 20:30ak aldera aurkitu zuten, etxera -ez dute zehaztu non dagoen- sartzera zihoala, eta berehala atxilotu egin zuten. Gaur goizean jarri dute epailearen esku. Argazkian, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko elkarretaratzea Algortan.