Euskarak Euskal Herrian, euskararen herrian, bizi duen egoera krudela, benetan kezkatzekoa da. Nazioarteko estamentu ezberdinek, Nazio Batuen Erakundea edota Unesco bera kasu, euskararen zaurgarritasunaz ohartu gaituzte azken urteotan, eta han eta hemen, Euskal Herria zatikatzen duten administrazio ezberdinen menpeko politikak kritikatu dituzte.
Euskara bertako hizkuntza bakar duen Euskal Herrian ere, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak urtero-urtero ematen ditu jakitera euskaldunok jasaten ditugun pairamenduak; berekin batera, asko eta asko dira euskararen normalizazioan bultza egin eta egoera hau salatzen duten eragileak. Hor dago Kontseiluaren Hizkuntza Politika Eraginkorraren tresna, baina hori ere alde batera baztertu eta iruzurrak besterik ez dituzte jartzen mahai gainean. Bitartean baina, indar erdaltzaleek Euskal Herria zatikatzen duten administrazioetako gobernuetan egin dute lekua. Beren esku dauden hizkuntza politikek euskara galbidera daramate zuzen-zuzenean, eta euskaldunon hizkuntza eskubideen bermea lortzeko baino, saiakera handiagoak egiten dituzte euskarak irabazitako esparruak galarazteko norabidean. Menpeko gobernu horien eskutik, euskara eta euskaldunok bigarren mailako izatera kondenatzen gaituzten menpeko hizkuntza politikak jasan eta pairatu behar ditugu. Euskarak lehentasunezko izaera behar duen honetan, aipatu menpeko politikek erdaren nagusitasuna mantentzea, errotzea, trinkotzea eta atzeraezin bilakatzea beste helbururik ez dute, euskararen normalizazioa geldiarazteko euskalgintzaren neutralizazioa bilatuz.
Gehiegi dira esandakoaren adibideak, Euskal Herri guztian. Jaurlaritzak esaterako, abenduaren 3an hitz ederrak esan arren, abian ditu jada euskararen kontrako eraso anitzak. Ikasleek euskara eskolatik ezagutzeko eskubidearen aurka doan irakaskuntzako hizkuntza ereduen aldaketa, lan eskaintza publikoetan euskarak zuen balio urriaren gutxitzea, dirulaguntzen urritzeak... Zer esanik ez Nafarroa Garaiko agintariei dagokienez; “Ley del Vascuence” delakoaren gerizean euskararen aurka egindakoak asko eta asko izan dira legeak indarrean daraman mende laurdenean. Adibide asko badaude ere, azpimarragarriena da Nafarroa Garaiko euskaldunen hizkuntza eskubideen zatikatze hirukoitza eta ofizialtasun osorik eza. Ondorioak guztiok ezagutzen ditugu. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako egoera ere ez da hobea; Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) erabiliz, euskara onartu ere egiten ez duen legedi baten baitan euskararen alde urratsak eman daitezkeela irudikatu nahi dute, baina euskal herrialde horietako errealitateak frogatzen du, euskarak behar duena ofizialtasuna dela, hasteko, eta halakorik lortu ezean nekez egongo dela bestelako urratsik emateko aukerarik.
Urte andana daramatza EHEk euskara eta euskaldunok bigarren mailako izatera eramaten gaituzten politikak salatzen eta herria berreuskalduntzeko dinamikak mahai gainean jartzen, eta urteen joan-etorriak eman dio arrazoia EHEri. Ez dago herria berreuskalduntzeko borondate politikorik.
Areago oraindik, hizkuntza ordezkapenaren bidetik jarraitzen dute Euskal Herria desagertarazi nahian, mendeetan zehar egonkortzen doan asimilazio prozesuaren baitan. Horren aurrean, inolako kanpo esku hartzerik gabeko hizkuntza politika burujabeak sortu eta garatzeko eskubidea aldarrikatzen du EHEk, burujabetzaren bidetik, norbanakotik hasita eta elkarlanean, euskaraz bizitzeko eskubidea erdietsi, eta Euskal Herri euskalduna, errealitate bihurtu arte. Euskaraz bizi nahi dugu, eta Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta beren hizkuntza politika makurrak hitz politez mozorrotuko dituzten horiek ez dute nahi herritarrak bertako hizkuntzan bizitzerik. Hortaz, ospatzeko dugunaren gainetik, euskaltzaleok aldarrikatzeko dugunari egin nahi dio lekua EHEk.
Euskaraz bizi, Euskal Herri euskalduna eraiki!
Euskal Herrian Euskaraz