
Ertzaintzak 19 urteko gizon bat atxilotu du gaur ostirala, goizaldean, Algortan, ostalaritza establezimendu baten kristala apurtu eta, horren zati batekin, tabernaria mehatxatzea egotzita. Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailaren arabera, 1:30ak aldera jaso dute deia, tabernatik. Hara heltzean, gertatutakoa azaldu die ertzainei tabernariak. Dirudienez, janari soberakinak eskatu dizkio zerbitzariari ustezko erasotzaileak. Horrelakorik ez zeukala erantzundakoan, biraoak botaka eta bezeroak gogaitzen hasi omen da gaztea. Antza, tabernaren kristal bat apurtu ere egin du eta, horren zati batekin, tabernariari mehatxu egin. Identifikazioa eskatu diotenean, ertzain bati erasotzen saiatu da mutila, Herrizaingo Sailaren arabera. Eskuan zeukan ebakia tokian bertan sendatu diote osasun zerbitzuek eta, ondoren, atxilotuta eraman du Ertzaintzak, kalte, mehatxu eta agenteari erresistentzia delituak egotzita.